Berrikuntzak

Prentsa irakurtzean ala telebista ikustean konpetitibitate edo lehiakortasun hitza ez azaltzea oso zaila da. Badirudi lanpostu askoren etorkizuna hitz edo kontzeptu horrekin guztiz lotuta dagoela. Hau dela eta, lehiakortasuna hobetu egin behar dela inork ez du zalantzan jartzen. Dena den, hori nola bideratu behar den arazo konplexua da, eta askotan aginte ekonomikoak ez dira batere ados jartzen.

Lehiakortasuna hobetzeko lantegian parte hartzen duten faktore ugariak kontutan hartu behar dira. Faktore horien artean, batzuk teknologiarekin erlazionatuta daude eta idazlan honetan faktore horiek analizatuko dira. Horrek ez du esan nahi gainerako ikuspuntuak bigarren mailakoak direnik, baina eguneroko albisteetan horiek askotan aipatzen dira, eta teknologiarekin erlazionatuta daudenak baztertuta gelditzen dira.

Gaur egun edozein lantegitan produktu bat egitean ondoko hiru faktoreak kontsidera daitezke: bere ezaugarrien errepikagarritasuna, propietateen maila eta prezioa. Hiru atal horietan, teknologiak garrantzi handia dauka.

Lantegi guztietan produkzioaren portzentaia batek akatsak edukitzen ditu. Portzentaiaren balioa jaistea lantegi guztien helburua izaten da (gogora dezagun duela hilabete batzuk Eusko Jaurlaritzak zabaldutako “Zero akats” izenburua zuen kanpaina). Horretarako, nahitaez produkzioa hobeto kontrolatu behar da, prozesuan zehar parte hartzen dituzten aldagai garrantzitsuenak neurtuz eta ondoren kontrolatuz. Batzuetan, langileen eta arduradun teknologikoen lanak eta esfortzuak ez dira nahikoa izaten eta tresneria berritzea (hobekuntza teknologikoa) nahitaezko baldintza izaten da.

Gure inguruko industrian berrikuntza horiek azken bost urteotan oso nabarmenak izan dira ia sektore guztietan. Dena den, batzuetan hori ez da nahikoa izan lantegiaren etorkizuna guztiz finkatuta uzteko.

Produktuaren propietateen hobekuntzak ere lehiakortasunean garrantzi handia du. Askotan ikuspuntu hau produktuaren diseinuarekin edo bere lorpen-prozesuarekin erlazionatuta dago. Diseinua hobetzeko tresnak nabarmen ugaldu dira. Ordenadorez lagunduriko diseinua horietako adibidea da. Teknika honi esker, produktu baten geometria, dimentsioak, propietateak eta abar hobe daitezke. Automobilgintza horren adibidea da. Automobilaren kanpoko dimentsioak ia aldatu gabe mantenduz, maletegiaren eta barneko bolumenak handiagotu egin dira eredu gehienetan.

Amaitzeko, propietateez gain, produktu bat saltzeko prezioa ere kontutan hartu behar da. Eskulanaren kostua, produkzio-maila eta abar ahaztu gabe, produktu baten kostua jaistea (baina era berean bere propietateak mantenduz), une honetan Euskal Herriko lantegi askoren helburua da. Horretarako produkzioaren zenbait fase aldatu egin behar dira eta horrek arlo bakoitzaren teknologiaren azken berrikuntzak ondo menperatzea esan nahi du.

Horietariko adibide batzuk automobilentzako pieza metalikoetan ditugu. Tratamendu termiko garestiak ezabatuz eta era berean materiala eta prozesua egokituz, altzairuzko pieza ugarien kostuak jaistea lortzen ari da. Une honetan teknologia berri horiek Euskal Herriko tamaina ertaineko metal-sektorean aplikatzen ari da.

Laburbilduz, lehiakortasunean eskulana, lanaren antolakuntza, salmenta-sareak, marketinga eta abar hobeagotu behar dira, baina zalantzarik gabe, ezin dugu ahaztu teknologiak ere zeresan handia duela.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila