Orain arte urgainean ibiltzeko hegazkina ezaguna bazen ere, orain hegan egiten duen belauntzia asmatu dute. “Hidroptero” izena ipini diote eta aireratzeko ahalmena du, urgainera ateratzen diren plano bultzatzaile edo hidrolaminei esker.
Orain arteko kasko bat baino gehiagoko untzi guztiak Arkimedesen printzipioan oinarritu dira, hau da, desplazatzen duten uraren pisua adinako goranzko bultzada jasatean. Hidropteroa ordea, beste printzipio baten arabera mantentzen da orekan.
Untzia flotazio-lerrotik gora bere urgaineko planoen bultzada bertikalari esker mantentzen da orekan. Presio dinamikoaz sortzen da goranzko bultzada, hegazkina airean doanean hegoetan gertatzen den bezalaxe. Untziak nahikoa abiadura duenean, kaskoak urgaineratu eta untzia aireratu egiten da. Untzia airean dagoenean, plano bultzatzaileak besterik ez dira uretan geratzen, eta ohizko untzietan ez bezala, erresistentzia gutxi igotzen da abiadura handiagotuta.
Hidropteroa, batezbeste gaur egungo belauntzi azkarrak baino 5 korapilo azkarrago ibil daiteke. Abiadura hauek lortzeko, hamabost urte igaro dituzte lanean proiektua burutzen. Hasieran 1/15 eskalako maketak probatu zituzten eta gero 1/3 eskalakoak, baina azkenean aeronautikako printzipioak aplikatuz amestutako belauntzi azkarra lortu dute. Untzigintzako hiru aditu eta hegazkingintzako beste hiru aritu dira horretan Bretainian Loira ibaiko bokalean dauden Saint-Nazaire-ko untzioletan.
Belauntzi berria datorren udaberrian itsasoratuko dute eta udan Atlantiar Ozeanoa zeharkatuta orain arteko marka ontzekotan dira.