Behi-ekoizpenak animalia txikien produkzioak baino hamar aldiz gehiago kutsatzen du

Estatu Batuetako eta Israeleko ikertzaileek Estatu Batuetako haragi-produkzioaren ingurumen-inpaktua aztertu dute, eta, lortutako emaitzek jasotzen dutenez, hainbat ekoizpenen artetik behiki-produkzioak kutsatzen du gehien. Lanaren arabera, behi-haragiaren ekoizpenak hamar aldiz inpaktu handiago du txerrikien, hegaztien, arrautzen eta esnekien produkzioek baino.

Estatu Batuetako animalia-jatorriko proteina-ekoizpenaren ingurumen-inpaktua aztertu dute Bard College, Weizmann Institute of Science eta Yale School of Forestry and Environmental Studies unibertsitateetako ikertzaileek, eta Proceedings of the National Academy of Science aldizkarian ezagutzera eman dituzte emaitzak. New York-eko Bard College unibertsitateko Gidon Eshel irakasleak zuzendu du lana, eta, adierazi duenez, ondorioak antzekoak lirateke Europan, Txinan zein Indian, hau da, ekoizpen-eredu antzekoa duten herrialdeetan.

Baserriko animalia txikien ekoizpenarekin alderatuz, behiki-produkzioak 28 aldiz lur gehiago erabiltzen du, eta, ondorioz, naturagune gehiago suntsitzen ditu; edateko uraren kontsumoa ere gainerako ekoizpenetan baino 11 bider handiagoa da; berotegi-efektua duen 5 bider metano gehiago isurtzen du, eta 6 aldiz nitrogenozko ongarri gehiago erabiltzen du.

Ikertzaileek argitu dutenez, kilo bat proteina produzitzeko, elikagai, lur eta ur gehiago behar dute poliki hazten diren animaliek azkar hazten diren animalia txikiek baino, eta, ondorioz, ingurumenean kalte handiagoak sortzen ditu poliki hazten diren animalien ekoizpenak.

“Behikiaren kontsumoa gutxitzea eta beste elikagai batzuk kontsumitzea da ingurumenean sortzen diren kalteak gutxitzeko modurik onena”, adierazi zuen Gidon Eshel irakasleak. Edonola ere, ikertzaileak onartzen du ikerketak Estatu Batuetako ekonomia izan duela kontuan, eta beste produkzio-eredu bat duten lurraldeetan datuak ezberdinak izango direla. “Gure datuek elikagai-politiken ingurumen-ondorioak kalkulatzeko metodo bat eskaintzen diete agintariei, eta herritarrei, erabakiak hartzeko tresna bat, modu kolektiboan merkatuan eragin dezaten”, esan du ikertzaileak.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila