Begiak bezalako kamera bat

Begiak bezalako kamera bat
2008/10/01 | Elhuyar
Begi-itxurako kamera, leiarra gainean, eta pixel-sarea hondoan.
Beckman Institutua/Illinoisko Unibertsitatea

Kamerak giza begi baten tamaina du, giza begi baten itxura du, eta giza begi batek bezala funtzionatzen du. Illinoisko Unibertsitatean garatu dute, eta aurrerapauso ikusgarria da. Izan ere, optoelektronikaren arloan dihardutenek bazeramatzaten gutxienez hogei urte horrelako zerbait garatu nahian.

Kamerak, giza begiak bezalaxe, leiar makur bat baliatzen du irudia fokatzeko. Hain zuzen ere, okertzean puskatu eta hondatuko ez ziren fotohartzaileak --pixelak-- garatzea zen erronka. Kamera arruntek gainazal lauak dituzte, siliziozko ohiko egiturak hautsi egiten baitira kurbatzean. Baina kamera arruntek leiar makur baten bidez jasotzen dute irudia, eta, ondorioz, leiar gehigarriak behar izaten dituzte, iturburu makurretik fokatze-puntu laura gertatzen diren distortsioak zuzentzeko.

Erronka bide honetatik gainditu dute Illinoisko Unibertsitatean: siliziozko pixelak metal-hari laburren bidez konektatu dituzte, eta horrela sortutako sarea polimerotan bildu dute (poliimida batean). Egitura hori kurbatu egiten da konprimitzean, eta egiturak berak xurgatzen du horrek eragindako tentsio mekanikoa. Horrenbestez, pixelak ez dira kaltetzen (argazkian, hondoan ikusten den hori da sarea).

Kamera sortzeko, egitura hori kupula-itxurako beste bati erantsi diote, eta oso emaitza txukuna lortu dute. Kameraren sortzaile John Rogersek uste du laborategitik aurrerako pausoak erraz emango dituela sistema honek; izan ere, dagoeneko erabiltzen den materiala eta teknologia ditu oinarri.

1
246
2008
10
003
Elektronika
Berriak labur
4
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila