Basa bizitza gizakiak hazitako abereen gaixotasunetatik babesteko eskatu du Science aldizkariak

Zientzialariek adierazi dute estatuek hartu behar dutela beren gain basa bizitza gaixotasun antropogenikoez babesteko ardura.

basa-bizitza-gizakiak-hazitako-abereen-gaixotasune
Arg. Naim Alel, Wikipedia, CC BY-SA 3.0

Science aldizkariak abereen gaitzek basa animalietan eragin dezaketen hondamendiari erreparatu dio urriaren 8ko bere editorialean. Izan ere, pasa berri den udan, Europa, Afrika eta Ipar Amerikako itsas hegaztiek inoizko heriotza-tasarik handiena pairatu dute, hegaztien gripearen birusak beren ugalketa-koloniak suntsitzearen ondorioz.

Zientzialariak behin eta berriz ari dira ohartarazten abere-haztegi industrialetan sortutako birus eta gaixotasun berriek basa hegaztietan sor ditzaketen arazoez. Gaixotasun asko transmititzen dituzte, eta asko dira kaltetzen diren animalia-espezieak ere. Kasu honetan, patogenotasun handiko hegaztien gripea 1996an sortu zen, Txinan, patogenotasun txikiko birus arrunta haztegi industrialetan mutatu zenean, eta 2005ean zabaldu zen basa bizitzara. 2021az geroztik, jada urte osoan konstante mantendu da Europako itsas hegazti basatietan, eta, aurten, bereziki zabaldu da Frantzia, Norvegia, Erresuma Batua, Hego Afrika eta Kanadan ugal-garaian zeuden itsas hegaztien artean.

Gogorarazi dute haztegi industrialetan hazten diren abere-populazio erraldoiak direla arazoaren iturria. Urtero, 36.000 milioi hegazti, 953 milioi txerri eta 1.600 milioi behi hazten dira. Abere-populazio erraldoi hauek komertzioaren bidez konektatuta daude, eta gaitz infekziosoen mundu-mailako gordailu baten moduan jokatzen dute; etengabe eraldatu eta basa bizitzan zabaltzeko arriskua duten gaitzen gordailua. Larritasunaz ohartuta, zientzialariek adierazi dute estatuek hartu behar dutela beren gain basa bizitza gaixotasun antropogenikoez babesteko ardura.

Izan ere, estatuek arazo ekonomiko huts modura ikusten dituzte abereen gaitzak, eta izatekotan, giza osasuna kolokan jar dezakeen arazo baten modura. Baina ez dute aintzat hartzen basa bizitzan eta biodibertsitatean eragin dezaketen hondamendia. Ekintza zehatzak eskatu dituzte: haztegi industrialen tamaina txikitu eta animalien dentsitatea murriztea, haztegien arteko animalia-garraioa ahalik eta gehien mugatzea, eta abereek ahalik eta harreman gutxiena izatea erlazionatutako espezie basatiekin. Estatuek legeen bidez gauzatu beharrekoak direla gogorarazi dute.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila