Barrabiletan ere topatu dituzte mikroplastikoak

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

barrabiletan-ere-topatu-dituzte-mikroplastikoak
Arg. European Commission (Lukasz Kobus) / CC BY 4.0

Pertsonen eta txakurren testikuluetan mikroplastikoak topatu dituzte maila esanguratsuetan. Eta ikertzaileek ohartarazi dute litekeena dela horrek eragina izatea ugalkortasunaren jaitsieran. Toxicological Sciences aldizkarian argitaratu dute ikerketa.

47 txakurren eta 23 gizonezkoren barrabilak aztertu dituzte, eta guztietan topatu dituzte mikroplastikoak, 12 motatakoak. Txakurren kasuan, batez beste, materia organikoaren gramoko 123 mikrogramo plastiko topatu dituzte; eta, gizakietan, 328 mikrogramo, txakurretan baino hiru aldiz gehiago, eta duela hilabete batzuk beste ikerketa batek giza karenean aurkitutakoa  (126.8 µg/g) baino nabarmen gehiago.

Kasu guztietan, polietilenoa izan da gehien agertu zen polimeroa. Ondoren, txakurretan, polibinil kloruroa (PVC) eta nylona; eta, pertsonetan, akrilonitrilo-butadieno-estirenoa (ABS), nylona eta PVCa, hurrenez hurren.

Txakurren kasuan ugalkortasun-parametro batzuk ere neurtu dituzte, eta ikusi dute zenbat eta PET eta PVC gehiago izan, testikuluek gutxiago pisatzen dutela, eta espermatozoide gutxiago dituztela. Datu horiek korrelazio hutsak dira eta ez dute kausalitaterik aztertu. Hala ere, ikertzaileek iradoki dute litekeena dela azken urteetan pertsonetan ikusi den espermatozoide-kopuruaren jaitsierarekin lotura izatea. Eta hori ikertzearen garrantzia azpimarratu dute.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila