Beharrezkoa batzuentzat, poluitzailea besteentzat

Kortabitarte Egiguren, Irati

Elhuyar Zientzia

Plastikoek gure eguneroko bizimodua aldatu dute. Izan ere, plastikoen lorpena teknologiaren aurrerapen nabarmena izan da. Baina plastikoek, teknologiaren aurrerapenekin batera, ekologia-arazoak eta eztabaidak ere ekarri dituzte; esaterako, talde ekologistek PVCa poluitzailea zela esan zutenetik material horren inguruan dagoen iskanbila. Baina zer gertatzen da PVCarekin? PVCaren ordez, PETa
(Argazkia: G. Roa).

PVCaren inguruan eztabaida ugari sortu da Greenpeacek poluitzailea dela esan zuenetik. Eztabaida ez da berria, arriskugarritasunaren argudioak aspaldi hasi baitziren plazaratzen talde ekologisten ahotik. Plastikoaren industriak, jakina, gogor erantzun die beti argudio horiei, aurkako tesia frogatzeko ahalegin guztiak eginez.

Greenpeace-k dioenez PVCa poluitzailea da. Hasieratik amaieraraino, ekoizpenetik deusezteraino, transformazioan edo erabileran, PVCak ingurumena eta gure osasuna arriskuan jartzen dituela dio talde ekologistak. Izan ere, haien esanean PVC hondakinak erraustean kloroa igortzen da atmosferara, eta horrek, besteak beste, ozono-geruza suntsitzea dakar.

Bestalde, PVCak plastifikatzaile eta egonkortzaile gisa jokatzen duten ftalatoak, dioxinak eta antzekoak edukitzen ditu. Ustez, minbizia sortzen dute aditibo horiek, eta zenbait ikerketak aditzera eman dutenez, gai horiek plastikotik janarietara, edarietara eta, oro har, ingurunera migratzeko gaitasuna dute. Beraz, esaterako, botilako ura inolako aditiborik gabe edateko, kontuan hartu beharrekoak dira migrazio horiek. Arrisku hori are handiagoa omen da tenperatura igo ahala.

Horrenbestez, PVCaren hondakinak errausketa-plantetan erretzen direnean arazo beraren aurrean aurkitzen dira, tenperatura altuek gai horiek askatzea errazten baitute. Dena den, plastikoaren industriak ziurtatzen du gaur egungo hondakinak errausteko plantetan badaudela baliabideak igorpen toxiko horiek eragozteko. Izan ere, Parisko, Hamburgoko, Milango, Amsterdamgo eta Pittsfieldeko (Massachussets) hondakinak errausteko instalazioetan hainbat entsegu egin dituzte, eta egiaztatu dute dioxinen sorrera independentea dela hondakin solidoetan PVCa agertzearekiko edo ez agertzearekiko.

Gero eta hondakin gehiago dago, eta plastikoak birziklatzeko zailtasunak asko dira oraindik. (Argazkia: Duales system).

Eraikuntzan, plastiko hau erabiliena da, duen kostu txikia dela eta. Baina, Greenpeace-ren ustez, prezioan ez dute sartzen PVCak ingurumenari egiten dion kaltea. Alternatiba modura, beste material batzuk proposatzen dituzte. Irudimena eta diseinua erabiliz, tokian tokiko produktu naturalagoak erabili behar direla diote ekologistek.

Gainera, zenbait aplikaziotan, batez ere PVCaren ordezko gisa, PET polimeroa erabiltzea proposatzen dute. Industriaren hitzetan, ordea, ez dago PVCa baztertzeko arrazoirik, haren ekoizpenean, erabileran eta ezabatzean beharrezko maneiu-baldintzak betetzen badira.

Azken finean, eguneroko bizitzak ere bere arriskuak ditu. Hala ere, hainbat aplikaziotan murriztu da PVCaren erabilera.

Eta zer da PVCa?

PVCa (polibinil kloruroa) kolore gabeko eta usain gozoko gas baten, binilo kloruroaren, polimerizazioz lortzen da. Kontzentrazio handiek zorabioa, konortea galtzea eta heriotza ekar dezakete. Luzaroan kontzentrazio txikietan arnastuz gero, nerbio-sistema mindu eta gibeleko minbizia eragin dezake. Plastiko gehienen osagai nagusiak karbonoa eta hidrogenoa dira. PVCak, aldiz, bi horiez gain, kloroa ere badu, eta horregatik da berezia. Izan ere, kloroaren presentziak polartasuna ematen dio polimeroari, eta, gainera, gehigarri kimikoen sarrera ahalbidetzen du.

PVCa aspalditik erabiltzen da. Binil kloruro monomeroaren sintesia Renaultek proposatu zuen lehen aldiz 1835ean. Urte batzuk geroago, 1872an hain zuzen ere, Baumann kimikari alemaniarrak PVCa sintetizatzea lortu zuen. Hala ere, eskuratutako lehen PVC horrek ez zituen behar bezalako propietateak. Izan ere, berotzean edota eguzki-izpien argitasunean jartzean, molekulen arteko loturak apurtu eta gas azido bat askatzen zela ikusi zuten zientzialariek. Horrenbestez, osagai kimiko batzuk gehitzeko beharra ikusi zuten, eta horiekin PVCa argiarekiko eta beroarekiko erresistente eta egonkor bilakatu zuten.

Zenbait jostailu ere debekatu dituzte.

Lehen PVC komertziala 1920an eskuratu zuten Estatu Batuetan. Eta gaur egun, polietilenoaren atzetik, munduan dagoen plastikorik ezagunenetarikoa, erabilienetarikoa eta erosoenetarikoa da. Beraz, nahiz eta polemika handia izan plastiko honen erabileraren inguruan, oraindik ez da guztiz baztertu, ezta debekatu ere. Eta PVCzko ur-botilak ekoizten jarraitzen dute. Hori bai, gutxi batzuk; adibidez, 2002an, 1.000 tona PVC ekoitzi ziren Espainian, eta 82.344 tona PET.

PVCa edo polibinil kloruroa erabilera anitz dituen materiala da. Aplikazio asko eta askotarikoak ditu: ura gordetzeko botilak, edukiontziak, janariak biltzeko xaflak, kreditu-txartelak, jostailuak, leihoak, pertsianak, boligrafoak, kableak isolatzeko materialak, ospitaleetako hainbat tresna, automobilen piezak, etab.

Aplikazio horiek eta beste asko eta asko PVCaren propietateen araberakoak dira. Izan ere, PVC horrek izango dituen erabileren arabera, aditibo jakin edo beste batzuk gehitzen zaizkio ekoizpen-prozesuan.

PVCa erabilera anitz dituen materiala da.

Aditibo edo gehigarri garrantzitsuenak plastifikatzaileak, egonkortzaileak, kargak, koloratzaileak eta labaingarriak dira, eta horien helburua PVCaren propietate fisikoak hobetzea da. Plastifikatzaileak, besteak beste, olioa eta antzeko likidoak dira, eta PVC zurrunari malgutasuna, plastiko-izaera, ematen diote. Beraz, PVCaren konposizio kimiko zehatzik ez dagoela esan daiteke, asko baitira konposizio posibleak.

Gustoko izan ala ez, PVCa ezinbesteko material bihurtu da nabarmen gaurko gizartean. Bistan da ekologistek PVCaren aurkako kanpainak egiten jarraituko dutela eta polemikak bere horretan iraungo duela. Azkenean, eta legeak debekatzen ez duen bitartean, kontsumitzailearen esku egongo da zein aukeratu.

PVCaren ordezko gisa botila eta edukiontzietan erabiltzen diren poliesterretan nagusia polietilentereftalato izenekoa da (PET). PETa azido tereftalikoa eta etilen glikola erreakzionaraziz sintetizatzen da eta zuntzak eratzeko erabiltzen da nagusiki. PETaren eta PVCaren polimerizazio-prozesua desberdina da, etapetako edo kondentsazio bidezko polimerizazioa eta polimerizazio erradikalarioa, hurrenez hurren. Hori dela eta, bi material horien sintesiek arrisku edota ondorio ezberdinak ekartzen dituzte.

(Argazkia: Duales system).

PETaren jatorrizko elementuen artean ftalatoak aurkitzen dira, eta horiek, eraztun aromatikoz osaturiko molekula organiko asko bezala, minbizi-sortzaileak direla uste dute ikertzaileek. Gainera, ur-botilatan egindako hainbat analisitan ftalato-kantitate handiak aurkitu dituzte. Beraz, nahiz eta behin baino gehiagotan aditu PETak aditibo arriskutsurik ez duela, zein puntutaraino ziurta daiteke PVCa baino inerteagoa dela?

PETa interesgarria izan daiteke hainbat likido karboniko mantentzeko, freskagarriak besteak beste. Horiek ezin dira gorde PVCzko botiletan, PVCa CO 2 -arekiko iragazkorra denez, presioa galtzen dutelako. PETa, aldiz, CO 2 -ari eusteko gai da. Hala ere, ura gordetzeko adibidez, ez dago PVCa erabiltzeko inongo arazorik, horrexegatik, zalantzazkoa da ur-botilei dagokienez PVCaren eta PETaren artean sortu den lehiakortasuna. Izan ere, PETa PVCa baino garestiagoa da. Ez al du eztabaidak industrien arteko lehiaren antz handiaagoa?

Dendetan koloreagatik bereiz daitezke bi motatako botilak. PVCa dutenak urdinxkak eta gogorrak izaten dira, eta PETa dutenak, berriz, gardenak eta bigunak.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila