Espermatozoide-kontzentrazioa mundu osoan jaitsi da

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

espermatozoide-kontzentrazioa-mundu-osoan-jaitsi-d
Arg. Sarbasst Braian, CC0, via Wikimedia Commons

Espermatozoide-kontzentrazioa erdira jaitsi da duela 46  urtetik hona, eta, gainera, jaitsiera azkartu egin da azken 20 urteetan. Ondorio horietara iritsi da nazioarteko ikertzaile-talde bat, kontinente guztietako datuak aintzat hartuta.

Izan ere, lehendik ere jakina zen hori gertatzen ari zela Europan, Australian eta Ipar Amerikan, baina beste lekuetako datu gutxi zeuden. Orain, 2011-2018 bitartean 53 herrialdetan bildu dituzte datuak, eta haiekin osatu dituzte lehendik zeudenak. 

Baieztatu dutenez, espermatozoide-jaitsierarekin batera, beste alderdi batzuetan ere okerrera egin du gizonen osasunak. Adibidez, areagotu egin da gaixotasun kronikoak eta barrabiletako minbizia izateko arriskua. Eta aipatu dute, okertze hori, ingurumenaren degradazioarekin eta gizartearen bizimodu estresatzailearekin lotuta dagoela. 

Ikertzaileen esanean, ezinbestekoa da jaitsiera eragiten duten arrazoiak ikertzea, eta prebentzio-neurriak hartzea, lehenbailehen.

 

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.