Baratxuria milaka urtean erabili da sendabelar moduan. Berriki, medikuntzan eragin onuragarria duten hainbat substantzia dituela frogatu dute hainbat ikerketak.
Txinako Beijing Institutuko ikertzaile batzuek baratxuri-estraktuaren eragin farmakologikoak biltzen dituen artikulu bat argitaratu dute. Bertan azaltzen denez, baratxuriak DNAren eraldaketa oxidatiboa eragozten du, zelulen entzima antioxidatzaile batzuen mailak igoarazten baititu. Gainera, LDLaren oxidazioa galarazten du; beraz, arterioesklerosiari aurre hartzeko eraginkorra dela ematen du, baita tronbosia prebenitzeko eta tratatzeko ere, plaketak elkartzea eragozten baitu.
Bestalde, baratxuritik eratorritako substantzia batek, ajoeneak, leuzemia-zelulen apoptosia eragiten duela frogatu da. Beste batek, alizinak, gizakien zenbait minbiziren zelula-motak ugaritzea galarazten du, adibidez, bularrekoak, endometriokoak eta kolonekoak.
Hala ere, ikertzaileek onartzen dute gehiago ikertu behar dela, batez ere epe luzera kalterik sor dezakeen ala ez argitzeko eta zein mekanismo biologikoren bidez eragiten duen jakiteko.