Baleen tamainaren sekretua geneetan dago

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

baleen-tamainaren-sekretua-geneetan-dago
Balea urdina (Balaenoptera musculus) da Lurrean inoiz izan den animaliarik handiena. Arg. NOAA Photo Library

Baleei erraldoi izateko aukera eman dieten lau gene identifikatu dituzte. Ikerketaren emaitzek iradokitzen dutenez, gene horiek, gorputza handitzea eragiteaz gain, handitzearen efektu kaltegarri batzuekiko babesa ere ematen dute. Scientific Reports aldizkarian argitaratu dute lana

Lurrean inoiz izan diren animalia handienak dira baleak; dinosauroak baino are handiagoak. Handietan handienak, balea urdinak, 30 metrotik gora eta 190 tona izatera iristen dira. Baina zere arruntek ere 25 m har ditzakete, kaxaloteek 25, xibartek 19, groenlandiar baleek 17, eta balea grisek 15 m. Tamaina horiek, ordea, duela oso gutxitik dituzte. Lehen baleek itsas lehoien tamaina zuten, eta duela 5-10 milioi urte hasi ziren handitzen. Aldaketa horretan gene batzuek zer garrantzia izan duten aztertu dute ikertzaileek.

Zaldietan, behietan eta ardietan (zetazeoen gertuko ahaideak) gorputzaren tamainarekin lotura duten 9 gene aztertu dituzte 19 zetazeo-espezietan. Eta ikusi dute horietako 4 genek hautespen positiboa izan dutela zetazeoen eboluzioan. Gainera, hain handia izateak hainbat arazo biologiko ere ekar ditzake; esaterako, minbiziak izateko arriskua areagotzea. Bada 4 gene horiek arazo horiekiko babesa ere ematen dutela ikusi dute ikertzaileek, eta horixe izan  liteke baleak hainbeste handitu ahal izateko gakoetako bat.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.