Ba dator otsoa!

Pozez batzuk eta beldurrez eta kezkaz beste batzuk, irakurri ahal izan dugu duela hilabete batzuk Nafarroako Urbasan eta Aralarren Gipuzkoako partean, zenbait otso agertu dela eta ardi ugari hil dutela.

Pozez, gure mendietan desagertutzat jo izan den ugaztun-espezie enblematiko hau berriro gure artean agertzeak, azken urte hauetan gure inguruneak jasan duen eraldaketa bortitzak Euskal Herriko mendiak ez dituelako oraindik erabat isolatu eta nolabaiteko oreka ekologikoa berreskuratzen ari dela frogatzen duelako, horrek itxaropenari leiho txiki bat zabaltzen diolarik.

Mikel Estonba Mintxero

Beldurra eta kezka bestalde, mendizerra hauetako artzain eta arduradun politiko zein teknikoengandik iritsi da. Artzainena ulergarria da, izan ere mendeetan bakarrik egin baitiote aurre haragijale indartsu horri, beren artaldeak eta, azken finean, beren diru-sostengua defendatuz. Otsoa desagertu zenetik artzainen bizimodua nabarmenki hobetu da gure mendietan, lasaitasun osoz askatzen dituzte artaldeak eta gauetan ez dute hauetaz kezkatu beharrik.

Besteen kasua aldiz, ez da hain ulergarria. Europan iraungitze-arriskuan dagoen otsoa (Canis lupus) Euskal Herriko mendietan agertzea, bertako Natura osasuntsu dagoenaren adierazle izateaz gain, gure ondare ekologikoan altxor bat edukitzea suposatzen baitu. Gure arduradun politikoak eta beraien aginduetara dauden teknikariak ez dira iritzi berekoak itxuraz, Urbasa eta Aralarko ardien erasotzaileak otsoak izan direla jakin bezain laister, hauek akabatzeko neurriak hartu baitituzte. Berau gutxi balitz, azken urteetan Karrantzan eta Arabako mendebaldean otsoaren presentzia konstantea izan arren, berriki argitaratu den Euskadiko Autonomi Elkartean mehatxatuta dauden ornodunen zerrendan ez da otsoa ageri, horrek administrazioak otsoarekiko duen jarrera agerian uzten duelarik.

Onartezina da, Iberiar penintsulako eta Europako zenbait lekutan espezie hau babesteko eta berreskuratzeko diru-kantitate handiak gastatzen ari direnean, Euskal Herrian, ale pare bat agertu bezain pronto, nola akabatu baino ez entzutea.

Zenbat diru suposatuko dio administrazioari Euskal Herrian otsoek sortuko duten kalteak ordaintzea? Ezin al dira horrelako neurriak hartu hemen, otso-populazio sendoak eta egonkorrak dituen Asturiasko Autonomi Elkartean kontzeptu horretan gastatutako dirua ez bada 40 milioitik pasatu?

Gainera, argi eta garbi utzi behar da, oso zaila dela Euskal Herriko mendietan otso populazio egonkorrak finkatzea, ingurune hauek gizarteak bereganatuta edukitzeaz gain, txikiegiak baitira gau batez 80 kilometro ibiltzeko gai den animalia honentzat. Beraz, Euskal Herrian otsoak izango duen presentzia zenbait otso gaztetara mugatuko dela esan genezake. Zoritxarrez, gazte hauek izaten dira artaldeei kalte gehien eragiten dizkietenak, helduak gizakia eta berarekin lotura duen guztia saihesten ahalegintzen baitira.

Hau guztia kontuan hartuz, erabaki sendo eta zentzudunak hartzeko garaia iritsi da:

  • Argi geratu behar du ez dutela artzainek ordaindu behar otsoek eragindako kalteak. Beraz, indemnizazio-sistema azkarra eta egokia garatu behar da, artzainek otsoaren presentzia mendietan begi txarrez ez ikusteko.
  • Artzainek, bere aldetik ere, otsoaren kalteak gutxiagotzeko neurriak hartzen hasi behar dute: artaldea gauez gehiago zaindu, artaldea zaintzeko artzain-txakurrak ipini, etab.
  • Eta azkenik, otsoaren irudi kaltegarria eta hiltzailea ezabatzeko sentsibilizazio- kanpainak burutu, otsoa naturaren kalitate onaren adierazle dela erakutsiz.

Agian, iritsi da Txanogorritxu eta antzeko ipuinak gure liburutegietatik kentzeko garaia.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila