Azken Ariane 4-aren jaurtiketa

Azken Ariane 4 kohetea otsailaren 12an jaurtitzekoa zen arren, azkenik hilaren 15ean egin zuten jaurtiketa, eguraldi txarra zela eta hiru egunez atzeratu ondoren. Xedea Intelsat 907 telekomunikazio-satelitea orbitan jartzea zen. Hemendik aurrera, Ariane 5-ak hartuko du jaurtitzaile europar arrakastatsuenaren lekua.

(Argazkia: ESA).

Ariane 4-a 1998ko ekainean jaurti zen lehenengo aldiz. Oso jaurtitzaile egokia izan da telekomunikazio-sateliteak eta Lurra ikuskatzeko sateliteak orbitan jartzeko.

Jaurtitzaileetan leku gehien erregai-biltegiek hartzen dute, eta, hori jakinik, Ariane familiako koheteek abantaila handi bat dute: erregaia hiru ataletan banatuta dute. Erregaia agortu ahala askatu eta itsasora erortzen dira atal horietako bi, horrela, pisua galtzen dute eta geroz eta erregai gutxiago behar izaten dute.

Ikuspegi ekonomikotik, jaurtiketa bakarrean orbitan ahalik eta satelite gehien jartzea komeni da. Helburu horrekin sortu zuten Ariane 5-a. Ariane 4-a baino handiagoa izanik, erregai-gordailu handiagoak ditu eta, ondorioz, zama astunagoak aireratzeko gai da.

Baina Ariane familiako kide berriena ez da oraindik behar bezain fidagarria: bere jaurtiketetatik bitan lehertu egin zen eta beste bitan sateliteak ez zituen zegokien orbitan jarri. Hori dela eta, zenbaitek zalantzan jarri dute benetan azken Ariane 4-aren jaurtiketa izango ote den, posible baita Ariane 5-arekin konfiantza berreskuratu bitartean Ariane 4-arekin jarraitu behar izatea.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila