Proteina jakin baten eragina blokeatuta, bi urteko sagu batzuen larruazalek sagu gazteagoen larruazalaren ezaugarriak berreskuratzea lortu dute Kaliforniako zientzialari batzuek.
Hain zuzen, NF-kappa-B proteinarekin aritu dira lanean. Proteina horrek funtzio erregulatzailea du, eta hainbat generen jarduera piztu edota itzaltzen du. Saguetan bi astez izan zuten blokeatuta, eta ikusi zuten denbora-tarte horretan larruazala loditu zitzaiela eta zelula gehiago zatitu zirela, azal gazteagoetan bezala, alegia.
Ikerketaburuak esan duenez, egin duten aurkikuntzak ideia hau indartzen du: zahartzea ez da urteen poderioz metatutako narriaduraren ondorioa, aldaketa genetiko jakin batzuen eragina baizik. Eta posible da aldaketa genetiko horiek leheneratzea.