Autoak dira ozeanoetara iristen diren mikroplastikoen herenaren jatorria

autoak-mikroplastikoak
Arg. Steinar Engeland/Unsplash

Autoek urtero milaka tona mikroplastiko isurtzen dituzte atmosferara. Tamainaren arabera, horietako batzuk sortu diren herrialdeetan geratzen dira, baina beste batzuk, haizeak eramanda, ozeanoetan erortzen dira, eta Artikora ere iristen dira.

Nature Communications aldizkarian argitaratutako ikerketa batean kalkulatu dutenez, urtero autoen jardunaren ondorioz sortutako ia 200.000 tona mikroplastiko iristen dira ozeanoetara eta bestelako ur ekosistematara. Horietatik, 140.000 tona inguru PM10 partikulei dagokie, 10 mikrometro baino txikiagoak diren partikulei, alegia. Beste 52.000 tona PM2,5 motako partikulak dira, 2,5 mikrometro baino txikiagoak. Datu horietatik abiatuta, ozeanoetako mikroplastikoen % 30 errepidean sortzen dela kalkulatu dute. Partikula horietatik guztietatik, gehienak pneumatikoen urraduraren ondorioz sortzen dira, baina galgaren erabilerak ere sortzen ditu.

Partikulen tamaina zein den, horren araberakoa da egiten duten ibilbidea. Hala, PM10 partikulek 5-11 egunez bidaiatzen dute, eta sortzen diren eremuetan geratu ohi dira, batik bat Ameriketako Estatu Batuetan, Europan eta Txinan. PM2,5 partikulak, berriz, 18-37 egunez egon daitezke atmosferan, eta eremu urrunetara irits daitezke, adibidez, Artikora. Hain zuzen ere, horrek kezka eragin die zientzialariei. Ohartarazi dute partikula horiek izotzaren albedoa txikitu dezaketela, eta, horren ondorioz, berotze globalean ekarpena egin.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila