Robotak eraikitzean ahalik eta mugimendu azkar eta zehatzenak lortzeko, zientzialariek animalien gorputzen ezaugarriak aztertzen dituzte. Oraingo honetan, atuna izan da San Diegoko Kaliforniako Unibertsitateko zenbait ikertzailek eredutzat hartu duten animalia.
Ultrasoinuetan oinarritutako teknikak erabilita egindako ikerketaren arabera, atunen giharrak bereziki diseinatuta daude uretan abiadura handia lortzeko. Izan ere, atunaren gihar gehienak gorputzaren erdialdean biltzen dira eta, hartara, indar muskularra erdialdetik buztan aldera proiektatzen dute. Buztanak, bere aldetik, helize propultsatzailearen gisa funtzionatzen du eta gorputza aurrerantz mugiarazten du.
Beste arrain batzuek, ordea, giharrak gorputz guztian zehar banatuta dituzte eta, horiek uzkurtzean, gorputza izurtu egiten da. Atunetan, giharrak bizkarrezurretik gertuago eta, beraz, azaletik urrunago daudenez, askoz gehiago uzkurtzen dira eta lan gehiago egin eta energia gehiago ekoizten dute. Gorputzaren erdialdeko zatiak izurtuko balira, marruskadura handiagoa izango litzateke. Emaitza horiek baliagarriak izango dira itsasoa esploratzeko ibilgailu hobeak eraiki eta eboluzioa hobeto ulertzen saiatzeko.