Atomo-geruza bakarreko urrea sortu dute

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

atomo-geruza-bakarreko-urrea-sortu-dute
Arg. Olov Planthaber

Atomo-geruza bakarreko urrezko orriak sortzea lortu dute, lehenengoz, Linköping-eko Unibertsitateko (Suedia) ikertzaileek. Goldene deitu diote. Ikertzaileek aipatu dutenez, dituen propietateengatik egokia izan liteke karbono dioxidoaren konbertsiorako, hidrogenoa ekoizteko eta balio erantsiko konposatu kimikoak sortzeko. Nature Synthesis aldizkarian eman dute lorpenaren berri.

Urrezko orriak sortzeko, urrea titanio- eta karbono-geruzen artean tartekatua duen material batetik abiatu ziren. Duela urte batzuk lortu zuten material hori, baina hortik urrezko orriak ateratzea erronka handia izan da.

Azkenean, kasualitatez, Japoniako forja-teknika bat aproposa izan zitekeela aurkitu zuten: Murakamiren erreaktiboa. Teknika horrek 100 urte baino gehiago ditu, eta, esaterako, aiztoetan erabiltzen da, karbono-hondarrak kenduz, altzairuaren kolorea aldatzeko. Teknika egokitu egin behar izan zuten, hainbat aldaketa eginda, erreaktiboaren kontzentrazioan, erreakzio-denboran eta abar.  Eta azken urratsa urrezko orriak egonkortzea izan zen, surfaktante bat gehituz. Horrela lortzen dituzten urrezko orriak soluzio batean daude, eta bahe moduko bat erabiliz ateratzen dituzte.

Material bat hain fina egiten denean, propietateak erabat aldatzen dira, grafenoarekin gertatzen den moduan. Urrearen kasuan, metala izan arren, atomo-geruza bakarrekoa denean, erdieroalea izan liteke, esaterako. Propietate berriei esker hainbat aplikazioa izan ditzakeela aipatu dute ikertzaileek: karbono dioxidoaren konbertsioa, hidrogenoa ekoizteko katalisia, balio erantsiko produktu kimikoen ekoizpena, uraren arazketa, komunikazioak, eta abar. Gainera, gaur egungo aplikazioetan erabiltzen den urre-kantitatea nabarmen murrizteko ere balio dezakeela azpimarratu dute. Bestalde, hurrengo urratsa beste metal noble batzuekin gauza bera egin ote daitekeen ikertzea izango dela aipatu dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila