Arraina beti fresko-fresko

em/>

AZTI zentro teknologikoak arrainaren freskotasuna neurtzeko ebaluaketa-taula batzuk sortu ditu. Hain zuzen ere, Europaren hegoaldean gehien kontsumitzen diren arrain-espezieentzat eta mariskoentzat sortu ditu 40 taula horiek. Besteak beste, erreboiloaren, atunaren, hegaluzearen, antxoaren eta sapoaren freskotasuna neurtzeko taulak prestatu ditu.

Erabilitako metodoa arrain freskoaren zenbait ezaugarriren ebaluaketan oinarritzen da (azala, begiak, zakatzak, etab.). Izan ere, arrain freskoaren ezaugarri garrantzitsuenak hainbat atalen itxura, kolorea, usaina eta testura dira. 0tik 3ra bitarteko puntuazio-sistema erabiltzen da, eta, zenbat eta guztizko puntuazio baxuagoa, orduan eta freskoagoa da arraina. Hemengo ikuskatzaileek taula horien arabera baliozkotzen dute dagoeneko arraina lonjan, arrandegietan eta kontserba-enpresetan.