Iraken, duela lau mila urte baino gehiagoko beirazko tresnak aurkitu dituzte lurpean. Eta, diotenez, lurperatutako hondakin nuklearrak izango duten bilakaera aurreikusteko baliagarriak izango dira tresna horiek.
Izan ere, hondakin nuklearrak beirazko ontzietan gordetzen dira, ontzi horiek metalezko beste batzuetan sartzen dira, eta, azkenik, lurperatu egiten dira. Zientzialariek ezin dute aurrez jakin zein bilakaera izango duten ontzi horiek, egiten diren simulazioak ez baitira batere fidagarriak milaka urteko epean.
Antzinako beirazko ontziek eta apaingarriek izan dituzten aldaketak aztertzeak, berriz, etorkizunean gerta litekeena iragartzeko balioko duela uste dute adituek. Ondorioz, hondakin nuklearrekin lan egiten dutenek arkeologoen esperientzia kontuan izatea proposatzen dute.