Argiaren propietate batzuk aspalditik ezagutzen eta kontrolatzen dituzte zientzialariek, eta aplikazio ugaritan dira erabilgarriak: intentsitatea, uhin-maiztasuna… Orain, beste propietate bat ere kontrola dezaketela frogatu dute: bihurdura. Salamancako (Espainia) eta Colorado Boulder (AEB) unibertsitateetako ikertzaileek egin dute lan hori, eta Science aldizkarian eman dute emaitzen berri.
Laura Rego Cabezas Salamancako Unibertsitateko fisikaria da ikerketa-burua, eta, nabarmendu duenez, azpimarragarriena da argi-sorten propietate berri bat sortu dutela: argiaren bihurdura. “Orain arte, jakina zen argi-sortak bihurduraz sor daitezkeela, hau da, hedatze-ardatzaren inguruan zurrunbilo-itxurako egitura baten bidez. Argi-zurrunbilo deitzen zaie horiei, eta haize-zurrunbiloen antzekoak dira. Hain zuzen, haiek bezala, materialetan errotazio-indarrak ezartzeko gai dira. Lan honetan frogatu dugun argi-sorten mota berriak bere bihurdura denboran azeleratzeko propietatea du, bere errotazioa azeleratuko lukeen zurrunbilo baten gisan”, azaldu du Regok.
Salamancako Unibertsitatean argiaren bihurduraren kontzeptua sortu eta argi-sorta berri horiek sortzeko eta neurtzeko modua diseinatu dute. Colorado Boulderren, berriz, argi-sorta berriak neurtzeko eta kontrolatzeko esperimentua gauzatu dute, lehen aldiz.
Regoren esanean, eskala nanometrikoan dinamika ultralasterrak aztertzeko edo kontrolatzeko tresna bat izan daitezke, baina horren aplikazio teknologikoa “oraindik ikusteko” dagoela ohartarazi du.
Elhuyarrek garatutako teknologia