Fisikari-bikote batek laser-pultsu baten abiadura ehun aldiz txikitzea lortu du, kristal fotoniko batetik argia pasarazita.
Kristal fotonikoa argia kontrolatzen duen egitura bat da. Horretarako, periodikoki ordenatutako geruza asko ditu, konstante dielektriko desberdinetakoak. Hala, argi-izpiak, batetik bestera pasatu ahala, konstante dielektrikoaren aldaketa aurkitzen du, eta horrek argi-uhinaren bidea oztopatzen du, nolabait esateko.
Dena den, argitu behar da bi abiadura-mota bereizten direla: batetik, fase-abiadura —uhinaren abiadura— eta, bestetik, talde-abiadura —pultsu-abiadura, hau da, pultsu berean doazen uhin-luzera desberdineko izpien abiadura—. Mantsotu dutena talde-abiadura da.