Ardales kobazuloko espeleotema koloreztatuak (Málaga, Espainia) eztabadagai izan dira azken urteotan. 2018an argitaratutako ikerketa batean neandertalek margotuak zirela ondorioztatu zuten, duela 64.000 urte baino lehenago. Batzuek, ordea, zalantzan jarri zuten margotutakoak zirela, eta berez koloreztatu zitezkeela proposatu zuten, prozeso fisiko-kimikoen bidez.
Orain, PNAS aldizkarian argitaratutako ikerketa batek neandertalek margotutakoak direla berretsi du, eta hainbat xehetasun eman ditu argitara. Teknika desberdinen bidez aztertu dituzte pigmentuak (mikroskopia optikoa, ekortze-mikroskopia elektronikoa, espektroskopia, X izpien difrakzioa, uranio-torio datazioa…), eta frogatu dute nahita ezarri zirela han. Ikertzaileen ustez, egileek kobazuloaren kanpoaldetik sartu zituzten pigmentuak; hala, nolabaiteko antolamendua eta planifikazioa zutela erakutsiko luke horrek.
Bestalde, geruzen azterketa kronologikoak argitu du neandertalek milaka urtez egin zituztela margoak espeleotema haietan. Ikertzaileek iradoki dute lekuaren balio sinbolikoa azpimarratzeko margotuko zituztela, jarduera hori belaunaldiz belaunaldiz transmititu baitzen, baina ezin dute jakin zer esanahi eta funtzio zuten.
Elhuyarrek garatutako teknologia