Neandertalek gure antza zutela berresten duten froga gehiago aurkitu dituzte

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

neandertalek-gure-antza-zutela-berresten-duten-fro
La Pasiegako irudi hauek 64.000 urte baino gehiago dituztela eta neandertalek egin zituztela frogatu dute. Arg. P. Saura/Science

Europan ezagutzen diren horma-irudi zaharrenak gizaki modernoa Afrikatik Europara iritsi baino 20.000 urte lehenagokoak edo are zaharragoak direla frogatu dute nazioarteko ikertzaileek. Hortik ondorioztatu dute neandertalek eginak direla.

Horretarako, uranio/torio desintegrazioaren datazio-teknika erabili dute penintsulako hiru kobazulotan: La Pasiega (Kantabria), Maltravieso (Cáceres) eta Ardales (Málaga). Hiruek neandertalek egindako horma-irudiak dituzte (gorriz eta beltzez margotutako animaliak, zeinu klabiformeak, puntuak, eskuen negatiboak…). Haien gaineko karbonato-geruza datatuta jakin dute gutxienez 64.800 urte dituztela, eta, beraz, neandertalek egin zituztela.

Cueva de los Avioneseko maskorrek 11.000 urte dituztela ondorioztatu dute. Arg. J. Zilhão

Horrez gain, beste ikerketa batean, Cueva de los Aviones eta Cueva Antón (Murcia) haitzuloetako maskorrak ere aztertu dituzte. Orain arte, objektu sinboliko zaharrenak Afrikan topatutako batzuk dira; 92.000 urte dituzte, eta gizaki modernoak egindakoak direla uste dute. Bada, maskor horietako batzuk zulatuta eta gorriz eta horiz margotuta daude, eta ikerketak erakutsi du zaharrenek 115.000 urte dituztela. Alegia, haiek ere neandertalek egin zituzten.. Ikertzaileen arabera, horrek erakusten du haien pentsamendu sinbolikoa ez zela bereizten gizaki modernoarenetik. Science Advances aldizkarian argitaratu dute ikerketa.

Neandertalen anatomiari eta portaerari buruzko datu berriak eman ditu La Ferresie-1 hezurduraren azken azterketak. Arg. Asier Gómez-Olivencia

Azkenik, La Ferrasie-1 neandertal hezurdura ezagunetik informazio berria lortu du nazioarteko talde batek, EHUko Asier Gomez-Olivencia Ikerbasque ikertzailearen gidaritzapean. La Ferrassie kobazuloan (Dordoina) aurkitu zuten 1901ean, 40-54.000 urte inguru ditu, eta, ia osorik dagoenez, oso baliagarria izan da neandertalak ezagutzeko.

 

 

Azken ikerketa honetan tomografia konputerizatua erabili dute, eta horiei esker jakin dute, besteak beste, lepauztaia hautsita zuela, beste lesio batzuen artean. Belarri barneko hezurtxoak ere ikertu dituzte, eta, gainera, hilobiratua izan zelako hipotesia indartzen duten froga gehiago aurkitu dituzte. Journal of Human Evolution aldizkarian eman dute horren guztiaren berri.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
IRIZAR Koop. Elk.
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
TAJO Group