Australopithecus baten eta Paranthropus baten erdiko belarriko hezur fosilak aurkitu dituzte, eta bien mailuak gizakiarenaren antzekoak dira. Hori ikusita, adituek uste dute gizakion adar ebolutiboko hominido horiek gai zirela 2 eta 4 kHz arteko maiztasuneko soinuak entzuteko, eta haien entzumena gertuago zegoela gizakietatik beste primateetatik baino.
Oso zaila da jakitea nolako entzumena zuten desagertutako espezieek, entzuteko jardueran gorputz-atal askok hartzen baitute parte, garuna barne, eta atal horiek denak ez baitira fosiletan kontserbatzen. Erdiko belarriko hezurrak ere oso gutxitan fosiltzen dira, baina kasu gutxi batzuetan kontserbatu egin dira. Hain zuzen, paleoantropologo-talde batek bi kasu bereziren azterketaren emaitza argitaratu du PNAS aldizkarian.
Batetik, Paranthropus robustus espeziearen ale baten hezurrak aurkeztu dituzte, duela 1,8 milioi urtekoak; erdiko belarriko hezur guztiak —mailua, ingudea eta estriboa— kontserbatu dituen fosil zaharrena da. Bestetik, duela 2-3 milioi urteko Australopithecus africanus baten hezurrak ere aurkitu dituzte, nahiz eta belarriko hezur guztiek ez duten iraun.
New Yorkeko Binghamton Unibertsitateko paleoantropologoek argitaratu dituzte emaitzak, Atapuercako aztarnategian lan egiten duten Juan Luis Arsuagarekin eta Ignacio Martinezekin batera. Aztertutako hezurretatik, mailuek dute antz handiena gizakien hezurrekin, bai Australopithecusarenaketa bai Paranthropusarenak. Biak aproposak dira 2 eta 4 kHz arteko maiztasunak entzuteko, hizketan garrantzi handia duten maiztasunak. Beste primateek maiztasun horiekiko sentikortasun txikiagoa dute.