Antihidrogenoak karga neutroa duela baieztatu dute

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

antihidrogenoak-karga-neutroa-duela-baieztatu-dute
CERNeko Alpha esperimentuan antihidrogenoa sortu eta haren propietateak ikertzen ari dira Arg. CERN

Antihidrogenoaren karga elektriko neutroa dela baieztatu dute CERNeko ikertzaileek. Orain arte baino 20 aldiz zehatzago neurtzea lortu dute. Nature aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak.

Fisikako Eredu Estandarraren arabera, antimateriak eta materiak kontrako karga dute. Esaterako, hidrogeno atomo bat (materia) elektroi negatibo batez eta protoi positibo batez osatua dago; beraz, karga neutroa du. Eta, teoriak dio antihidrogeno atomo bat positroi positibo batez eta antiprotoi negatibo batez osatua dagoela; eta beraz, honek ere karga neutroa izan behar luke. Baina Eredu Estandarrak dio, baita ere, Big Bang-ean materia eta antimateria kantitate berean sortu zirela, eta oraingoz dakigunaren arabera, hori ez da betetzen; unibertsoan askoz materia gehiago dago. Horri azalpena emateko, materiaren eta antimateriaren propietateak konparatu nahian dabiltza fisikariak. Adibidez, kargak benetan diren guztiz kontrakoak, edo proportzio jakin batean bakarrik.

Duela gutxitik, CERNeko Alpha esperimentuan gai dira antihidrogenoa sortzeko. Positroiak eta antiprotoiak elkartzen dituzte, eta tranpa magnetiko batean harrapatu. Eremu elektriko batean jartzean nola jokatzen duten aztertu dute orain, eta horrela baieztatu dute karga neutroa dutela.

Dena den, esperimentuaren helburu nagusia espektrometria bidez antihidrogenoaren propietateak aztertzea da, hidrogenoarekin hobeto konparatu ahal izateko. Lehenengo neurketak aurten egitea espero dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila