Antidepresibo eraginkorragoak eta azkarragoak

Antidepresibo eraginkorragoak eta azkarragoak
2008/03/01 | Elhuyar
(Argazkia: Artxibokoa)

Gaur egungo antidepresiboek dituzten gabeziak hobetzen dituen estrategia berri bat proposatu du Jorge Emilio Ortega Calvo farmakologo eta biokimikariak Euskal Herriko Unibertsitatean aurkeztutako doktore-tesian.

Noradrenalina eta serotonina dira depresioari gehien eragiten dioten bi neurotransmisoreak. Izan ere, depresio-prozesuetan noradrenalina- eta serotonina-mailak asaldatuta egoten dira. Horregatik, antidepresiboen lana noradrenalina- eta serotonina-mailak orekatzea izaten da. Dena den, gaixotasun hori sendatzeko tratamenduen arazo nagusietako bat da gaixoen % 60-70ek soilik erantzuten diola tratamenduari. Halaber, antidepresiboen eragina nabaritzeko, gutxi gorabehera bi-lau aste behar dira, eta hori denbora-tarte luzeegia da zenbait kasutan. Izan ere, gaixo askok tratamendua utzi egiten dute, epe oso motzean hobekuntzarik nabaritzen ez dutelako.

Horren harira, doktore-tesi horren helburu nagusia izan da botika antidepresiboen jardute-mekanismoak ikertzea, batetik, hasieratik hobekuntzak eragingo dituzten tratamenduak identifikatzeko, eta, bestetik, tratamendu horiei erantzuten ez dieten gaixoek ere tratamendu egokia jaso dezaten.

Horretarako, orain arte erabilitako tratamenduak itu berri batzuekin konbinatu dituzte, hala nola α2 adrenozeptoreen botika antagonistekin, horiek garuneko neurotransmisioa indartzen eta areagotzen laguntzen baitute. Izan ere, zenbait ikerketatan ikusi dute depresioa diagnostikatu zitzaien eta bere buruaz beste egin zuten pazienteen postmortem garunetan adrenozeptore horiek asaldatuta daudela; alegia, haien funtzioa areagotua dago, eta, horren ondorioz, ohi baino balaztatze-lan handiagoa egiten dute. Balazta horrek neurotransmisoreen funtzionamendu egokia eragozten du.

(Argazkia: -)

Ikerketa hori guztia animaliatan egin dute garuneko mikrodialisiaren teknika erabiliz; hau da, kirurgia bidez, zenbait zunda txertatu dituzte garuneko hainbat eremutan, eta eremu horietako neurotransmisoreak jaso eta neurtu dituzte, botikak aplikatutakoan nola aldatzen diren behatzeko.

Emaitzen arabera, proposatutako estrategia berria gai da, batetik, tratamenduari erantzuten dioten pertsona-kopurua handitzeko, eta, bestetik, tratamenduaren hasieraren eta erantzun terapeutikoaren arteko denbora-tartea laburtzeko. Beraz, hori guztia entsegu klinikoetara eramanez eta depresioa duten gaixoetan aplikatzen hasiz gero, litekeena da egungo antidepresiboek baino erantzun azkarragoak lortzea eta gaixo gehiago tratatzea lortzea.

1
240
2008
3
014
Farmakologia
Berriak labur
9
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila