Antartidako babes-protokoloa


Urtarrilaren 14an sartu zen indarrean Antartida babestea helburu duen Protokoloa, 50 urtez indarrean egongo dena.

26 estatuk sinatu dute akordio hori eta, esan bezala, mende-erdiko iraupena izango du. Tirabira franko izan da horren inguruan, zenbait herrialdek interes ekonomiko itzelak baitituzte eskualde horretan. 12 milioi kilometro karratu hartzen ditu Antartidak batezbeste, baina neguan, izotza zabaltzen denean, bere eragin-eremua askoz zabalagoa da.

Mineralak eta petrolioa ustiatzea galarazten du Protokoloak. Halaber, bertako habitatarentzat kaltegarriak izan daitezkeen iharduerak ere kontrolatuko dira; pestizidak erabiltzea, txakurrak bertara sartzea eta baita Antartidara sarritan joaten diren ikerketa-taldeen lana ere, besteak beste.

1991. urtean hasi ziren Protokoloa sinatzeko lehen harremanak eta, bistan denez, denbora behar izan da interes ekonomiko horiek nola edo hala orekatu ahal izateko. Bereziki Japonia, Errusia eta EEBBak ibili dira lehian eskualde erraldoi horren kudeaketa-irizpideak finkatzeko.

Talde ekologistek, oro har, begi onez hartu dute albistea, baina egindakoa nahikoa ez dela ere ohartarazi dute batzuek. Greenpeacek, adibidez, inguruko ozeanoen egoera leheneratzeko ez dela ezer egingo gogoratu du eta, areago, Protokoloak arrantza murrizteko neurririk ez duela aurreikusten salatu du. Beraz, baleak harrapatzen eta pinguinoak mehatxatzen segitu ahal izango dute Protokoloa sinatu duten herrialdeek; orain arte bezala, hain zuzen ere.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila