Aluminioak goimendietako lakuak hiltzen ditu

Atmosferako poluzioak euri azidoa sortzen du eta batzuetan poluzio-iturritik oso urrun dauden lakuak hondatzen ditu. Hori gertatzen da Eskandinavian, Kanadan eta Alpeetan.

Uraren azidotzeak dena den, ez luke aski izan behar arrainak eta mikroorganismoak hiltzeko. Horregatik zientzilariak sedimentuetan egoera naturalean dagoen aluminioak (metal toxikoa da) izan dezakeen eragina aztertzen ari dira.

Urak azidotuta aluminioa errazago askatzen da, Zurich-eko toxikologi institutuko Christian Shlatter ikerleak dioenez. Amuarrainekin egindako saiakuntzetan aluminioak zakatzetan nekrosiak sortzen dituela frogatu da, ondorioz arrainak hil egiten direlarik. Ura zenbat eta azidoagoa izan, hainbat eta aluminio gutxiago behar da arrainak hiltzeko. Litroko 0,2 miligramoko kontzentrazioa aski da, adibidez, Suitzan Tesino ibaiko Cristallina lakua esterilizatzeko.

Gure elikagaien bidez, egunero 2-5 miligramo aluminio kontsumitzen ditugu, baina hesteetan dosi horren milarena besterik ez da zurgatzen eta gainerakoa gorotzetan joaten da. Sukaldean aluminiozko tresnak erabilita dosia areagotu egiten da, baina metal honek gorputzean duen metabolismoa ez dugu oraindik ongi ezagutzen. Alzheimer-en gaixotasuneko forma batzuetan ere zerikusia baduela uste da.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila