Acropora nasuta da korala; Gobidon histro eta Paragobidon echinocephalus arrainak; eta Chlorodesmis fastigiata alga. Alga toxikoa da koralarentzat, batik bat ukitzen duenean. Arrainek koral-arrezifeen babesean ematen dute bizia, eta, koralak hala eskatzen dienean, algarekin ere laguntzen diote. Ikertzaileek Fiji uhartean prestatutako esperimentuetan, alde handia neurtu dute arrainek okupatutako koralen eta arrainik gabeko koralen artean. Okupatutakoetan, % 30 murriztu zen alga-kopurua, eta % 70-80 koralak jasandako kaltea, Science aldizkarian argitaratu dutenez.
Arrainek koralaren seinale kimikoei erantzuten dietela frogatzeko, hiru ur-motatan jarri zituzten arrainak: alga soilik egondako uretan, alga eta koralaren arteko kontaktu gunetik hartutako uretan, eta 20 minutu lehenago algarekin kontaktuan egondako koralaren inguruko uretan. Azken bi kasuetan bakarrik erreakzionatu zuten arrainek. Areago, algak kaltetutako beste koral-espezie batzuen inguruan jarritakoan ere ez zuten erantzun arrainek. Ondorioz, ikertzaileek uste dute erlazio mutualista espezifikoa dela, tokian tokikoa.
Halaber, ikertzaileek ikusi dute arrainetako bat, Gobidon histro, desatseginagoa bilakatzen dela harraparientzat alga jan ondoren. Alga jaten duen bakarra da —besteak hozkadak soilik ematen dizkio— eta, antza, algaren “usain” toxikoa lagungarri zaio ondoren harrapariez babesteko.
Espezie mutualisten arteko halako elkarrizketa kimikoak duela urte gutxi uste zena baino ohikoagoak dira naturan; “Hizlari kimikoak” erreportajeetan kontatu genuen.