Diomedea exulans albatrosa usaimenean oinarritzen da harrapakinak bilatzeko, Estatu Batuetako eta Frantziako ikertzaile-talde batek egindako ikerketa baten arabera. Zientzialariek GPS-hartzaileak eta urdaileko tenperatura neurtzeko gailu bat --jakiak noiz jaten zituzten erregistratzeko-- jarri zizkieten albatros batzuei. Albatrosek itsasoan flotatzen ari den sarraskia jaten dute batez ere, eta, ikertzaileen esanean, haizearen kontra hegan egiten dute, sarraskiari darion usainari jarraitzeko, harrapakineraino iritsi arte. Ikusmenean oinarrituko balira, berriz, hegaztien hegaldia behatu duten baino askoz zuzenagoa litzateke, ez bailitzateke izango harrapakinen usaina daraman haizearen mendekoa.