Pentsamendu dibergentea sormenarekin lotuta dago, eta ataza jakin baterako aukera edo irtenbide desberdinak sortzearekin lotuta dago. Denbora-tarte mugatu batean, objektu arrunt batek izan ditzakeen erabilera desberdinak asmatzea da hura neurtzeko ohiko modua. Eta justu hori egin dute, adimen artifizial bidezko hiru testu-sortzaileren (txatbot) eta 256 boluntarioren pentsamendu dibergentea alderatzeko. Emaitza: txatbotak gizakiak baino hobeak dira horretan. Hala ere, boluntario onenak txatbotik onenak baino hobeak izan ziren.
Ikertzaileek lau objektu eman zizkieten hiru txatbotei (ChatGPT3, ChatGPT4, eta Copy.Ai) eta 256 boluntarioei erabilerak asmatzeko: soka bat, kutxa bat, arkatz bat eta kandela bat. Erantzunen originaltasuna neurtzeko, ikertzaileek kontuan izan dituzte, batetik, sormena (1etik 5era), eta, bestetik, emandako erantzunaren eta jatorrizko erabileraren arteko distantzia semantikoa (0tik 2ra). Eta, bataz beste, txatboten erantzunak gizakienak baino hobeak izan dira bi parametroetan: sormenean 2,91 lotu dute txatbotek; 2,47 gizakiek; eta, distantzia semantikoan, 0,95 eta 0,91, hurrenez hurren.
Boluntarioen puntuazio altuenaren eta baxuenaren arteko tartea askoz ere handiagoa izan zen, txatbotek beren artean izan zutena baino. Eta gizaki onenen emaitzak txatbotenak baino dezente hobeak izan ziren.
Finlandiako eta Norvegiako ikertzaileak aritu dira lan horretan, eta Scientific Reports aldizkarian argitaratu dute ikerketa . Mugen artean, boluntario-taldearen homogeneitatea (denak mendebaldeko kulturako heldu gazteak edo adin ertainekoak ziren), eta prozesuak alderatzeko ezintasuna aipatu dituzte (besteak beste, txatbotak “kutxa beltzak” direlako). Nolanahi ere, etorkizunean txatbotak sormen-prozesuetan nola integratu ikertzea proposatu dute.
Elhuyarrek garatutako teknologia