Forrester Research aholkularitza-konpainiak plazaratutako Europe's Digital Decade txostenaren arabera 2003. urterako 60 bat milioi europarrek Internet-en nabigatzeko aukera izango dute. Prezioen jaitsieraren eta sareak eskaintzen dituen aukeren eraginez, ordenagailua etxean dutenen kopurua %36tik % 46ra igoko da eta aldi berean, Internet-en erabilpen-maila % 19tik % 33ra igoko da. Dirudienez, Internet da europarrak ordenagailua erostera bultzatzen dituen arrazoi nagusietakoa.
Telefono digitalei dagokienez, Europak zerrenden buru izaten jarraituko du 2003an, 100 milioi erabiltzailerekin. Horrez gain, europar horiek izango dira telefono digitalak Internet-era sartzeko erabiliko dituzten lehenengoak.
Nahiz eta Europa osatzen duten herrialde batzuetatik besteetara aldaketak badiren, posta elektronikoa erabiltzea, Web orria bisitatzea eta konpainien produktu-zerrendak bisitatzea dira Internet-en egiten diren eragiketa nagusiak. Internet bidezko erosketek berriz, arrakasta txikia izan dute europarrengan eta liburu zein CDak edo hegazkin-txartelak erosteko erabiltzen da batik bat zerbitzu hori.
Bestalde, ordenagailuen jabeei eginiko inkesta batek teknologia berriekiko oso jarrera positiboa iragarri du.