3D inprimaketa energia-bihurketarako eta metaketarako

3d-inprimaketa-energia-bihurketarako-eta-metaketar
Arg. Edurne Redondo Negrete

Energia elektrikoa metatzeko eta energia-bihurketarako sistemak garatzeko 3D-inprimaketak zer aukera eman ditzakeen aztertu zuten Edurne Redondo Negretek eta kideek, Chemical Reviews aldizkarian iaz argitaratu zuten lan batean. Aipamen ugari izan ditu lanak, eta irakurleen lan gogokoenaren saria ere irabazi berri du.

“Aplikazio elektrokimikoetarako 3D-inprimaketa erabiltzearen erronka handienetako bat da inprimatutako objektuak eroale bihurtzea”, azaltzen du Redondok. Izan ere, oro har, inprimatzeko erabiltzen diren hariak polimero termoplastikozkoak izan ohi dira. “Material eroaleak (adibidez, grafenoa) dituzten hariak ere erabiltzen ditugun arren, hainbat tratamendu egin behar dizkiegu, eroaleagoak izan daitezen. Eta gainazalean beste aldaketa batzuk ere egiten dizkiegu, bestelako materialak edo molekulaz erantsiz, aplikazio elektrokimikoetarako erabili ahal izateko”.  Horretarako tratamendu termikoak eta erreduzitzaileak erabiltzen dituzte, adibidez, superkondentsadoreak egin ahal izateko. “Entzima kiralak ere lotu dizkiegu 3D inprimaketaren bidez egindako elektrodoei, biosentsoreetan erabiltzeko. 

Brnon, Txekiar Errepublikan, CEITEC zentroan ikertzen du Redondok. “Momentuz, ez dugu lortu gaur egungo merkatuan dauden sistemak gainditzerik, baina gure lana kontzeptu-froga bat da”, dio Redondok. Eta 3D-inprimaketaren alorra oso itxaropentsua da, etorkizunean mota guztietako gailu elektronikoak tailer txikietan egiteko aukera emango lukeelako, imajina ditzakegun formarik bitxienekin”.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.