25 urtean, % 25etik % 2ra murriztu dira Gipuzkoan amarengandik umearengana GIBa transmititutako kasuak

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

25-urtean-25etik-2ra-murriztu-dira-gipuzkoan-amare
Miren Alicia Apilanez Urkiola, ikerketaren egile eta mediku-ondokoa Donostia Unibertsitate Ospitaleko Pediatria Zerbitzuko Neonatologia Sailean Arg. EHU

1984 eta 2011 artean, 10 aldiz murriztu dira GIBaren bidezko infekzio pediatrikoak Gipuzkoan, zehazki, % 23,9tik % 2,4ra. GIBaz kutsatutako amarengandik umearengana gertatzen den transmisio bertikalaren datuak aztertu ditu EHUko Miren Apilanez ikertzaileak, hau da, haurdunaldian, erditzean edo edoskitzean gertatzen diren kutsatzeak.  

1984 eta 2010 urteen artean Gipuzkoan jaiotako 239 ume hartu ditu aintzat ikerketak: guztien amak zeuden GIBarekin kutsatuta; umeen artea, berriz, 30 infektatu ziren birusarekin, eta 209 ez.

GIBaren historia mediko ia osoa hartzen du Apilanezek aztertutako denbora-tarteak, eta, hain zuzen ere, infekzio-datuen bilakaerak oso ondo islatzen du hori.  

Infekzio-tasa handien 1984tik 1994ra eman zen, “baliabide urrikoa eta terapia eraginkorrik gabeko aldia” Apilanezen esanean. Urte hartan, ordea, aldaketa handia gertatu zen: ACTG076 protokoloaren emaitzak argitaratu ziren, zeinaren bidez frogatu zen haurdunaldianeta erditzean AZT antierretrobiralak emateak transmisio bertikala mugatzen zuela, eta kutsatzeak % 23,9tik % 8ra murriztu ziren. Tratamendua haurdunaldian emanez, amaren egoera immunobirologikoa hobetzen da, eta karga biral ia hautemanezinarekin iristen da erditzera. Ondorioz, haurra kutsatzeko arriskua oso baxua da, erditzea baita unerik larriena “haurra odolarekin eta baginako jariakinekin kontaktuan baitago”, dio Apilanezek.

Hurrengo murrizketa-neurri eraginkorra 1997an iritsi zen: haurdun zeuden emakumeei GIBaren proba egiteko protokoloa martxan jarri zen Gipuzkoan, eta, horrez gain, terapia antierretrobiral konbinatua erabiltzen hasi zen. Harrez gero, despistaje-pautak eta haurdunaldiko GIB infekzioaren tratamendua hedatzeari esker, estaldura terapeutikoa % 100 izatea lortu da, eta, beraz, haurdun dauden emakumeetan garaiz detektatzen da gaixotasuna. Azkenerako, amarengandik umearenganako GIBaren transmisio bertikala % 2,4ra murriztu da. Hala ere, Apilanizek nabarmendu du infekzioa amarengandik umearengana transmititzea ezin izan dutela zeharo saihestu oraindik, eta “eraginkorrak izan daitezen, neurri guztiak bete behar direla”.

Aldaera errekonbinatuekiko kezka

Bilakaera on horren ondoan, Suediako Lund Unibertsitateko ikertzaile batzuek berriki argitaratutako artikulu batek erakusten du GIBarekin kezkatzen segitzeko arrazoi asko daudela. Birusaren aldaera oso gaizto baten berri eman dute Journal of Infectious Diseases aldizkarian. Guinea-Bissauko bi aldaera ohikoenen errekonbinazioz sortu da, eta, orain arte ezagutzen diren GIBaren aldaera guztien artetik, epe laburrena du infekziotik gaitzaren garapenera arte: 5 urte besterik ez.

Gaur gaurkoz Afrika mendebaldean soilik detektatu dute birusaren aldaera berria, baina ikertzaileek kezka adierazi dute, migrazio-fenomeno globalen ondorioz, geroz eta gehiago ari direlako zabaltzen errekonbinatutako aldaerak. Jatorrizkoak baino gaiztoagoak izan ohi dira, eta, horregatik, arreta jarri behar zaio, ikertzaileen esanean, pertsonekin batera gertatzen ari den hedatze- eta nahaste-fenomenoari.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila