Internet, sorreratik, Far West-aren oso antzekoa izan da: esploratzeko lurralde berria, muga geografiko eta jurisdikzio argirik gabea, berrikuntza eta aldaketa azkarrengatik legeak sarri atzetik joan direna... Eta han kolonoak eta era guztietako abenturazale eta gaizkileak nola, hala aritu dira hemen erraldoi teknologikoak, lege-hutsuneak baliatuz, jarduera oso zalantzazko ugaritan. Noizbait, baina, erregulazioa iristen da. Azken hilabeteotan sarea arautzeko zenbait lege ari dira martxan jartzen edo bultzatzen, zeresana ematen ari direnak eta etorkizuneko weba itxuratzeko garrantzitsuak izango direnak. Ikus dezagun zertan dautzan.
Iraganean ere ezagutu ditugu sarea erregulatzeko legeak. Adibide gisa, beharbada ezagunak izango zaizkigun sigla batzuk: AEBkoak batzuk, hala nola DMCA (Digital Millenium Copyright Act), CDA (Communications Decency Act), CAN-SPAM (Controlling the Assault of Non-Solicited Pornography And Marketing) eta COPPA (Children’s Online Privacy Protection Act); Europar Batasunekoak besteak, hala nola Electronic Commerce Directive, ePrivacy legea, DBEO (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra) eta DSM (Directive on Copyright in the Digital Single Market). Legeotako batzuk erabiltzaile partikularren jokaera maltzurrak erregulatzeko egin dira, hala nola pirateria, ziberjazarpena, trolleatzea... Beste batzuk, enpresa edo sektore zenbaiten negozioak babesteko —copyright kontuei eragiten dietenak, adibidez— edota gobernuen interesak bultzatzeko, zalantzazkoak izanagatik ere —esaterako, zentsura ahalbidetzekoak—.
Alabaina, esan liteke lege horietako gehienak enpresen jarduerei mugak jartzeko eta erabiltzaileon defentsarako direla. Izan ere, sareko enpresa multinazionalak oso eskrupulu gutxirekin (baimenik eskatu gabe, protokolo itxiak baliatuta...) aritu ohi dira, ahal duten guztia eskuratzen (bezeroak, gure datuak, edukiak...), eta hala lortu dute munduko konpainia aberatsenak izatea. Eta enpresa ugarik herrialde askotan legezkoak ez diren jardueretarako ere erabiltzen dute sarea.
Egia da gertatutakoak ikusita a posteriori egin direla sarri legeok, baina hobe berandu inoiz ez baino. Eta, hala ere, eragina ez da behar bestekoa izan, erraldoi teknologikoek gehiegikeriak egiten eta inoiz baino diru gehiago arpilatzen jarraitu baitute. Izan ere, aipatutako azken bi legeak kenduta, beste guztiek 20 urte baino gehiago dituzte, eta bi horien salbuespenarekin, ez da izan sarea arautzeko beste lege esanguratsurik azken urteetan. Badakigu nolakoak diren palazioko kontuak eta... Orain, baina, enpresei begirako honelako lege gehiago jartzekotan dira indarrean.
Europar Batasunean, 2023ko uztailean onartu dute DSA (Digital Services Act) edo Zerbitzu Digitalen Legea deritzona. DSAren helburua da sare sozialen plataformetako edukien moderazio-jardunbideak arautzea eta legez kanpoko edukiei aurre egitea. Lege horretan, legez kanpoko edukien erantzule bihurtzen dira besteren informazioa, datuak edo edukiak ostatatzen eta argitaratzen dituzten enpresak, baldin eta horretaz ohartarazten badira eta ezer egiten ez badute; eta berdin informazio faltsua daukaten salmenta-bitartekariak. Justu AEBko lege baliokideak, CDAk, egiten duenaren kontrara, zeinak immunitate zabala ematen baitie bitartekari horiei.
Beste betebehar batzuk ere ezartzen dizkie plataformei; besteak beste, erregulatzaileei, beren algoritmoek nola funtzionatzen duten azaltzeko derrigortasuna, batetik, eta gardentasuna, bestetik, edukia ezabatzeko erabakiak hartzeko moduari dagokionez eta iragarleek duten erabiltzaileenganako irismenari dagokionez. Halaber, erabiltzaileek aukera izan behar dute edukia inongo algoritmoren bitartekaritzarik gabe ikusteko, baimen-eskeek garbiak izan behar dute eta ikertzaileei edukietarako sarbidea eman behar diete.
Legeak plataforma handiei soilik eragiten die, zehazki EBn hilean gutxienez 45 milioi erabiltzaile aktibo dituztenei, baina hor sartzen dira sare sozial, eduki-plataforma eta web-zerbitzu ezagun ia denak: Aliexpress, Amazon, Booking, Google Shopping, Zalando, AppStore, Google Play, Facebook, Instagram, LinkedIn, Pinterest, Snapchat, TikTok, X, YouTube, Google Maps, Bing, Google Search eta Wikipedia.
Lege horren garrantziaren erakusle dira Big Tech-eko enpresek hura biguntzeko egindako lobby-ahaleginak. Eta eragina izaten ari da: irailean, EBk X-ri ohartarazi zion aldaketak egin beharko zituela, desinformazio-tasa altuena duen sare soziala dela ikusi ondoren; urrian, berriz ere kargu hartu zion, Israelen Gazako erasoen inguruko eduki ilegal eta gorrotozko diskurtso ugaria dela eta. Horren ondorioz, sare horren jabe den pertsonaiatxo megalomanoak mehatxu egin du X Europatik aterako duela. Beraz, argi dago legeak ondorio positiboak izateko potentziala duela, sare toxiko hori hemendik desagerraraztera eraman eta Mastodon moduko sare sozial deszentralizatuen bultzada ekar badezake. Baina egia da zentsurarako baliatzeko arriskua ere baduela, zer eduki kontsideratzen den ilegala...
Maiatzean sartu zen indarrean, EBn hau ere, DMA (Digital Markets Act) edo Merkatu Digitalen Legea. Europako merkatu digitaletan lehiakortasuna bermatzea du helburu, eta, horretarako, enpresa handiei galarazi egiten die beren botere-posizioaz abusatzea eragile berriak merkatuan sartzea oztopatzeko. Hala, legeak “atezain” izendatzen ditu plataforma digital handienak, eta betebehar eta debeku batzuk ezartzen dizkie. “Atezain” horiek 8 sektoretan jarduten diren eta 6 enpresaren jabetzakoak diren 22 zerbitzu dira (beheko taulan).
Betebehar eta debekuei dagokienez, hauexek dira esanguratsuenak: enpresa berekoak diren bi zerbitzutan (esaterako, Facebook eta WhatsApp) bildutako datuak konbinatzeko debekua; plataformen erabiltzaileak (iragarleak eta argitaratzaileak barne) babesteko xedapenak; plataformek beren produktu propioak lehenesteko debekua (Google bilatzaileak bere produktuak lehenestea, adibidez); sistema eragileetan zenbait zerbitzu aurrez instalatuta etortzeari buruzko xedapenak; eta interoperabilitatea, eramangarritasuna eta norberaren datuetarako irispidea bermatzea enpresei zein azken erabiltzaileei. 2024ko martxorako bete behar dituzte agindu horiek.
Eta argi dago lege horrek ere ondorio oso positiboak izango dituela. Adibidez, berehalako mezularitzako aplikazioei interoperabilitatearen derrigortasuna ezartzen dienez, Whatsapp-ek eta Facebook Messenger-ek beste aplikazio batzuekin (Telegram, Signal, Snapchat...) komunikatzeko bidea eman beharko dute, eta, hala komunikazioen deszentralizaziorantz hurbiltzeko aukera eman, hemen aspalditik aldarrikatu izan dugun gisan. Tamalez, badirudi oraingoz ez dutela sare sozialen arteko interoperabilitatea bultzatuko... baina bai behintzat eramangarritasuna, eta gure datu guztiak sare sozial batetik bestera eraman ahal izatea ere ez da garaipen makala.
Aldiz, badirudi AEBko ACCESS (Augmenting Compatibility and Competition by Enabling Service Switching) legeak behartuko dituela sare sozialak eta beste plataformak interoperableak izatera, eramangarritasuna eskaintzeaz gain. Baina, legea Kongresuak eta Senatuak 2021ean onartu bazuten ere, indarrean sartzeko, beste zehaztapen- eta legezkotasun-fase batzuk pasatu behar ditu oraindik, eta ikusteko dago azkenean interoperabiltate hori zertan gauzatuko den eta zenbateraino behartuko duten. Egoera berean daude —onartuta baina zehaztapenetan eta legezkotasunaren azterketetan— AICO (American Innovation and Choice Online) eta OAMA (Open App Markets Act) legeak. Lehenengoak debekatu nahi du onlineko denda eta bilatzaileek beren produktuak lehenestea edo konpetentziarenak trabatzea, eta bigarrenak gauza bera egin nahi du aplikazio-dendetan (Google Play-n eta App Store-n, alegia).
Ikusten denez, Atlantikoaren bi aldeetatik ari dira antzeko gauzak arautzen. Ea azkenean lortzen den sareko multinazional handiei galga jartzea eta etorkizunean web hobeago bat izatea, enpresa gutxi batzuen monopolio ez diren, pribatutasuna errespetatzen duten eta mota guztietako tranpetan aritzen ez diren zerbitzu deszentralizatuekin.
Elhuyarrek garatutako teknologia