Sare sozialen “kakaztea”, alternatibak eta fedibertsoa

Leturia Azkarate, Igor

Informatikaria eta ikertzailea

Elhuyar Hizkuntza eta Teknologia

Asko hitz egiten da azkenaldian sareko zerbitzu eta produktu gero eta gehiago izaten ari diren “kakazte” (enshittification ingelesez) edo kalitate-galera nabarmenari buruz. Sare sozialak ez daude fenomeno horretatik libre, eta, haien erabiltzaile ugari alternatiba bila ari direnez, eskaini ere eskaintzen ari zaizkie bestelako aukera berriak. Haietako gehienek, baina, besteen arazo bera dute: irabazi-asmodun enpresa erraldoiek eskaintzen dituzten zerbitzu zentralizatuak dira. Benetako alternatiba boluntarismotik edo asoziazionismotik sortutako protokolo irekidun sare sozial deszentralizatuak dira; aspalditik existitzen den eta ezagutzen dugun fedibertsoa, alegia.

sare-sozialen-kakaztea-alternatibak-eta-fedibertso
Arg. Tiko Aramyan/Shutterstock.com

“Kakazte” gisa itzul daitekeen enshittification izena eman zaio onlineko plataforma eta tresnetan gertatzen ari den kalitate-galera progresiboari. Hasiera batean, kalitate handiko zerbitzuak eskaintzen dituzte erabiltzaileak erakartzeko; ondoren enpresa-bezeroengana bideratzen dituzte indarrak errentagarritasuna handitzeko, eta, azkenik, akziodunen irabaziak maximizatzean jartzen dute arreta, eta erabiltzaileen eta enpresa-bezeroen esperientzia nabarmen okertzen da. Kakazte horren adibide ugari aipatu ohi da, eta ziur guk ere nabaritu dugula hondatzea hauetan: Airbnb, Amazon, Facebook, Google Search, YouTube, Uber...

Sare sozialen kakaztea

Hondatze horretatik ez dira libratzen sare sozialak, jakina. Harreman sozialak mundu birtualera eramateko sortutako zerbitzu horien sorreran, gure harreman-sarea eraikitzen genuen bertan, gure bizitza errealeko ezagunekin konektatuz, jende berria ezagutuz edo famatuei jarraituz. Eta denbora-­lerro deritzonaren bidez, modu kronologikoan, gure harreman-sarekoek argitaratutako mezuen berri izaten genuen, eta guk gure berri ematen genien. Azken finean, gure senide, lagun eta ezagunekin egotera eta haiekin hitz egitera plazara edo tabernara jaistea bezalakoa zen, baina ziberespazioan.

Denborarekin, baina, sare sozial horiek guztiek (Facebook, Twitter, Instagram, TikTok...) algoritmo batek erabakitako edukiarekin ordeztu zuten denbora-­lerro kronologiko hori. Algoritmo hori, ustez, guretzat interesgarriena izan daitekeen edukia erakusteko pentsatua dago, baina, egiatan, haien helburua da zerbitzu horietan ahalik eta denbora gehiena egon gaitezela.

Horretarako, jada ez digute gure harreman-­sarekoen edukia soilik erakusten; alderantziz, eduki gehiena guk jarraitzen ez diogun jendearena izan ohi da. Lehengo kalera ateratzearen konparazioarekin jarraituz, etengabe ezezagunak beren erretolika botatzera etorriko balitzaigu bezala da. Eta edukirik polemikoenak erakusten dizkigute, frogatua baitute horiek direla mendekotasuna sortzen dutenak. Bestalde, publizitate pertsonalizatu ugari ere erakusten digute.

Beharbada okerrenera egin duen sare soziala Twitter (gaur egun X) izango da, Elon Muskek erosi zuenetik bereziki. Galerak gutxitzeko, langileen % 80 kalera bota zituen, moderazioan aritzen zirenak barne, eta, horren ondorioz, ugaritu egin dira kontu faltsuak, bot-ak, gorroto-mezuak, jazarpena, arrazoirik gabeko kontu-izozteak edo -ixteak... Bestelako erabaki polemiko asko hartu ditu Muskek, jendearen gustukoak izan ez direnak, eta bere txioetan erakusten duen jarrerak ere eragin du erabiltzaile ugarik alde egin nahi izatea. Metak ere Europako hainbat erabiltzaile uxatu zituen Instagram eta Facebook sare sozialetatik ekainean, esan zuenean erabiltzaileen mezuak (testuak zein irudiak) bere adimen artifizialeko sistemak entrenatzeko baliatuko zituela (nahiz eta azkenean atzera egin zuen erregulatzaileen presioaren ondorioz).

“Alternatiba” berrien sorrera

Erabiltzaile-exodo horien aurrean, sare sozial alternatiboak sortu dira azken bi urteotan. Ezagunenak, ziurrenik, BlueSky eta Threads izango dira; Twitter-en itxura eta funtzionalitateak dituzte, eta haren ordezko izateko asmoz sortuak dira. Threads Meta enpresarena da, eta BlueSky, Twitter-en sortzaile Jack Dorsey-k sortutakoa da (nahiz eta gaur egun bera jada ez dagoen enpresan).

Dena dela, gutxienez zalantzazkoa da azken horiek benetako alternatibak ote diren; izan ere, beste sare sozial batzuen arazo nagusi bera dute, atzean enpresa bat dagoela, alegia. Gainera, Threads-en kasuan, Facebook eta Instagram-en enpresa bera, Cambridge Analytica eta eskandaluzko beste kasu batzuen sortzailea (non erabiltzaileen datuak haien baimenik gabe bildu baitziren eta propaganda politikorako baliatu, Donald Trump-ek eta Brexit-ek irabazitako hauteskunde-prozesuetan adibidez). Baliteke sare sozial berri hauek hasiera batean besteek baino hobeto jokatzea, haiengandik ezberdinduz erabiltzaileak lortzeko, baina, enpresak atzean egonik, merkatuan gailenduz gero, luze gabe joko dute kakaztera, ziur.

Bestalde, beste sare sozialek adimen artifizialarekiko duten jarreratik artistak babesteko, Cara sortu zuen Zhang Jingna argazkilariak. Sare sozial horrek benetako artistak (argazkilariak, marrazkigileak...) babestu nahi ditu, bi zentzutan: batetik, adimen artifizialaren bidez sortutako edukia ez onartuz; bestetik, bertako edukia adimen artifizialeko sistemak entrenatzeko baliatzea eragotziz. Lehenengo helburua nagusiki moderazio bidez egin nahi dute, ez baita erraza adimen artifizialaren bidez sortutako edukia automatikoki adimen artifiziala baliatuz bereiztea. Bigarren helbururako, bilatzaile eta scraper-entzat “NoAI” (adimen artifizialarentzat ez) etiketa jartzen diote edukiari, baina, hori errespetatzea boluntarioa denez, Glaze tresna ere baliatzen dute. Tresna horrek aldaketa txiki batzuk egiten ditu irudietan, pixel gutxi batzuetakoak; gizakiok ezin ditugu nabaritu aldaketok, baina adimen artifizialeko sistementzat oso nahasgarriak omen dira, eta, irudi horiek entrenatzeko baliatuz gero, emaitzak okertzen omen zaizkie sistemei (gaur egungo sistemei behintzat; ez dago argi etorkizunean horrelako babesek funtzionatzen jarraituko duten).

Hala ere, momentuz badirudi aipatutako alternatiba berri horietako batek ere ez duela lortu erabiltzaile-­kopuru edo jarduera handirik, edo ez behintzat herrialde askotan, eta ez beste sareenekin konparatzeko modukorik. Masa kritikoaren arazoa dago hor: izan ere, sare sozialak komunikatzeko dira, eta norekin komunikatuko gara jende askorik ez badago eta mundu guztia beste nonbait badago? Cara-ren kasuan, gainera, artista asko pasatu omen dira bertara, baina ez erabiltzaile arruntak; eta, artistek sare sozialak beren lana ezagutarazi eta promozionatzeko erabiltzen dituztenez, nola lortuko dute hori audientziarik gabe?

Fedibertsoa

Benetako alternatiba azken bi urteotan sortutako horiek baino askoz lehenagotik existitzen da: fedibertsoa, alegia. “Fedibertso” hitza “federatu” eta “unibertso” hitzen portmanteau edo konbinazio bat da, eta protokolo estandar ireki baten bidez elkarren artean komunika daitezkeen sare sozialez osatutako ekosistema izendatzen du. ActivityPub du izena protokolo horrek, eta, izenak dioen bezala, jarduerak edo edukia sare sozial batean publikatzeko protokolo bat da. Protokolo bera darabilten beste sare sozial batzuekin federatzea ahalbidetzen du, beste sareetako erabiltzaileen edukia ikusi eta haiekin gure edukia partekatu ahal izateko eta elkarri iruzkinak egin eta erantzunak eman ahal izateko. Finean, nodo ezberdin askoz osatutako sare sozial bat da fedibertsoa, zeinean nodo bakoitzak bere erabiltzaileak, arauak eta moderatzaileak baititu baina nodo guztiak konektatuta baitaude.

Arg. rarrarorro/Shutterstock.com

Mastodon sarea da fedibertsoaren parte bat, Twitter-­en antzeko microblogging zerbitzua baina deszentralizatua, eta haren parte dira, adibidez, Mastodon.eus eta Jalgi.eus euskal nodoak. Pixelfed sarea ere beste parte bat da, Instagram-en pareko zerbitzu deszentralizatua, Pixelfed.eus euskal nodoa duena. Peertube bideoak argitaratu eta partekatzeko zerbitzua da, Youtube-ren modukoa, besteren artean euskarazko Peertube.eus nodoa daukana. Eta beste eduki-mota askotan espezializatutako sare sozial ugari daude: liburuentzat, BookWyrm/Paperjale.eus; audioentzat, Funkwhale/BaleaFunk.eus: foroentzat, Lemmy/Lemmy.eus...

Fedibertsoko nodo bakoitza komunitate edo elkarte batek kudeatzen du, eta horrek kakaztetik babesten du. Atzetik enpresa bat duten nodoen kasuan ere, kakazterantz jotzekotan, nodo horri eragingo dio, ez fedibertso osoari.

Egia da Fedibertso osoa kontuan hartuta ere erabiltzaile-­kopurua ezin dela erkatu beste sare sozialetakoekin. Baina esanguratsua da lehenago aipatutako “alternatiba” haietan izan duen eragina. Izan ere, Threads-en ActivityPub inplementatu dute fedibertsoko erabiltzaileek Threads-ekoei jarraitu ahal izateko eta alderantziz; baina fedibertsoko nodo askok Threads-en federazioa blokeatzea erabaki dute, luzera fedibertsoaren kalterako litzatekeelakoan (enpresa-interesak, tamaina-­desorekak, fagozitazio-arriskua...). Bestalde, BlueSky ekimena enpresa batena bada ere, eta kudeatzaileek nodo bakarra martxan jarri badute ere, protokolo ireki deszentralizatu bat erabiltzen du (ez da ActivityPub, berek sortutako AT protokoloa baizik), eta, teorian, nodo berriak sor ditzake nahi duena haiekin federatzeko. Argi dago fedibertsoa kualitatiboki oso kontzeptu ezberdina dela, eta horregatik da garrantzitsua; hain zuzen, sare sozial berriak, klasikoetatik bereizteko, haren ezaugarrietako batzuk kopiatzeko ahalegina egitera bultzatzerainokoa.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila