Jeopardy! AEBko telebistako lehiaketa bat da, gai ezberdin askoren inguruko galdera-erantzunez osatua. Definizio bat emanda, lehiakideek asmatu behar dute zer den definitzen den hitza, pertsona, gauza, tokia edo dena delakoa; baina definizioek hitz joko eta tranpatxo ugari ere badituzte. Urte asko dira ematen dutela, eta bertan parte hartzen dutenek jakituria ikaragarria erakusten dute. Espainiako Saber y Ganar telesaioaren antzeko zerbait da.
Otsailaren 14 eta 15ean, bi saio berezi egin zituzten: hiru partaide normal izan beharrean, bat makina bat zen, eta beste biak saioko inoizko lehiakide onenak. Helburua, makina bat lehiaketa horretan onenak izan diren gizakiei irabazteko gai ote den ikustea. Makina, IBMk egindako ordenagailua, Watson.
Watsonek ez zuen Interneteko konexiorik; beharrezko informazio guztia berekin eduki behar zuen. Ahots-ezagutzarik ez zioten jarri. Galderak testu digitalaren formatuan pasatzen zitzaizkion Watsoni, aurkezleak beste lehiakideei esaten zizkien une berean. Erantzuteko botoia azkarren sakatzen duenak irabazten duenez, Watsonek ere atzamar mekaniko bat aktibatu behar zuen, erantzuteko prest zegoenean. Erantzunak ahoz ematen zituen. Baldintza horietan jokatuta, eta galdera batzuetan gauza arraroak erantzun bazituen ere, asko asmatu zituen Watsonek, baita galdera zail eta hitz-jokodunak ere, eta jipoi ederra eman zien besteei: 77.147 dolar irabazi zituen; gizakiek, berriz, 24.000 eta 21.600.
1997an ere IBMren beste makina batek, Deep Blue izenekoak, xakean irabazi zion Gary Kasparov munduko txapeldunari. Xakean jokatzeko adimena behar da, eta, Jeopardy! -n aritzeko, hizkuntza ulertzea. Hain justu gizakien bereizgarri diren bi arloetan, inteligentzian eta hizkuntzan, gainditu gaituzte?
Ez, oraingoz lasai egon gaitezke. Bi kasuotan erabili diren teknikak oso sinpleak direla esan daiteke, giza burmuinaren pentsatze-prozesuaren konplexutasunaren aldean. Deep Blue-k, oinarrian, jokaldi eta kontrajokaldi posible guztien zuhaitzean oso behera egiten zuen bere ahalmen konputazional handia erabiliz, eta irabazteko probabilitate handiena ematen zuen bidea hautatzen zuen kasu bakoitzean, besterik ez.
Watsonek erabiltzen dituen teknikak ere sinple samarrak dira. Erantzun asko asmatu arren, beste batzuetan oso gauza arraroak esan zituen, benetan hizkuntza "ulertzen" ez duen adierazgarri. DeepQA teknologia erabiltzen dutela diote, finean QA ( Question Answering edo Galderen Erantzutea) aurreratu bat. Teknika hauekin, galderaren azaleko azterketa bat egiten da, NLP (Lengoaia Naturalaren Prozesamendua) erabiliz; gero, bertako hitz gakoak bilatzen dira testu-base batean, IR eginez (Informazio Bilaketa), sinonimo eta abarrez lagunduta, nahi bada; eta, azkenik, emaitza guztietan galdegaiarekin bat datorren hitzik hurbilen eta probableena itzultzen da. Bestalde, egia da hitz jokoetako batzuk ongi asmatu dituela, eta, beraz, ohiko teknikak hobetu dituztela onartu behar da.
Baina bere arrakastaren gakoa, Deep Blue-rena bezala, ahalmen konputazionalean dago. Watsonek 2880 prozesagailu-nukleo ditu, 80 TeraFLOPS-eko abiadura ematen diotenak, eta 15 Terabyte-ko RAM memoria du. Horri esker, informazio asko gorde dezake, informazioa azkar bilatu, eta kalkuluak oso arin egin.
Makinak pertsona batek duen benetako adimenetik urrun badaude ere, ikusi dugu ataza zehatzetan (xakea, telebistako galdera-lehiaketak...) gizakia gainditzeko gai izan daitezkeela, teknika sinplifikatuen bidez eta ahalmen konputazional handiaren laguntzaz. Batzuek diote 2050. urterako munduko onenen selekzio bati irabazteko gai litzatekeen roboten futbol-taldea egingo dela. Orduan bai izango dela munduaren amaiera... Edo agian jendeak interesa galduko du futbolean, eta gauza garrantzitsuagoetan erabiliko dira dirua eta denbora!
Eta benetako adimen artifiziala lortu ez bada ere, Jeopardy! -ko lehiakideetako batek Homer Simpson omenduz egin zuen bezala, neuk ere, orri hauen bitartez, ongietorria egin nahi diet gure nagusi berri makinei, eta beraien zerbitzari umil eta leialena naizela adierazi. Badaezpada...