Edukiak on line kontsumitzen: erabiltzaileon kontrolaren galera

Leturia Azkarate, Igor

Informatikaria eta ikertzailea

Elhuyar Hizkuntza eta Teknologia

Mende honen hasieran, Internetek eta P2P sareek ahalbidetutako hartu-emanari esker, erabiltzaileok ikus-entzunezko edukiaren kontrola hartu genuen, eta eskaintza ikaragarria izan dugu guztiok eskura. Azkenaldian, ordea, internauta asko musika, bideoak eta abar streaming bidez kontsumitzen hasi dira, edo on line zerbitzuen bidez partekatzen. Joera horrek, luzera, erabiltzaileok berriz ere ikus-entzunezko edukiaren gaineko kontrola galtzea ekar dezake.
Edukiak on line kontsumitzen: erabiltzaileon kontrolaren galera
2011/03/01 | Leturia Azkarate, Igor | Informatikaria eta ikertzailea
(Argazkia: © iStockphoto.com/Thesuperph)

P2P sareek ( peer-to-peer edo parekotik parekora) aldaketa ikaragarria ekarri dute ikus-entzunezkoak kontsumitzeko ohituretan. Musika, bideoak, literatura eta abar argitaratu eta banatzea produkzio-etxeen eta argitaletxeen esku zegoen lehen, eta haiek eskaintzen zutenarekin moldatu behar genuen kontsumitzaileok. Eskaintza hori mugatua zen, enpresa horien marketin-estrategien edo kontu ekonomikoen arabera erabakitakoa. Hala, azken nobedadeak eta beti ongi saltzen diren klasikoak izaten zituzten, baina beste gauza asko eskuraezinak ziren, "katalogotik kanpo" zeudelako.

Digitalizazioaren eta Interneten aroan egoteak banaketa eta salmenta asko errazten eta merkatzen duen arren, produkzio-etxeek eta argitaletxeek ez zuten garaietara egokitzen jakin, ez eta eskaintza handiago, merkeago eta erosoago bat asmatzen ere. Orduan, erabiltzaileak matxinatu egin ziren, eta mendearen hasieran P2P sareak sortu ziren.

P2P sareetan, software baten bidez erabiltzaileak bere ordenagailuan duen ikus-entzunezko eduki digitala beste erabiltzaileekin partekatzen du, eta, aldi berean, besteek duten edukia eskuratu dezake. Sare hauen adibideak dira eDonkey eta BitTorrent. Azken hau batez ere uneko film, serie eta abesti edo musika-talde arrakastatsuenak partekatzeko erabiltzen bada ere, eDonkey sarean (eMule programak erabiltzen duena) ia edozer aurki daiteke: herrialde eta hizkuntza bitxietako abestiak, komiki zaharrak, aspaldiko film eta telesailak... P2P sareei esker, edukien gaineko kontrola eta eskaintza erabiltzaileon eskuetara pasatu ziren. Oparotasun-garaia ekarri zuten, eta hala izan da geroztik.

On line kontsumitzeko joera

Azkenaldian, baina, ikus-entzunezkoen kontsumorako joera aldatzen ari da. Batetik, musika eta bideoak streaming bidez kontsumitzen dira maiz; hau da, zuzenean entzun edo ikusten da, nork bere ordenagailura jaitsi eta gorde gabe. Honen adibide arrakastatsuak dira Spotify (musika ugari --publizitatearekin, doan, edo ordainduta, publizitate gabe-- eskaintzen duen zerbitzua), Netflix (bideoak alokatu eta on line ikusteko zerbitzua) eta Megavideo (jendeak Megaupload-era igotako film eta serie komertzialak streaming bidez ikusten uzten duen zerbitzua). Eta zentzu hertsian streaming ez bada ere, antzeko fenomenoa da liburu bat erosten dugunean soilik on line zerbitzuaren webgunean irakurri ahal izatea, Googleren e-bookstore dendan bezala.

Bestetik, jendeak elkarrekin musika eta bideoak konpartitzeko P2P sareek baino arrakasta handiagoa dute, gaur egun, zuzeneko deskargako zerbitzuek, hala nola Megaupload edo Rapidshare. Jendeak zerbitzari horietara igotzen ditu edukiak, eta, beste batzuek, berauetatik jaitsi.

Hirugarrenik, DRM ( Digital Rights Management izen ponposo horren atzean kopiak eragozteko sistema dago) daukan edukia on line erosteko joera dago. Hauetan, jaisten dugu edukia gure disko gogorrera, baina kopiak eragozteko sistema duenez, ez dio beste inori balio. Tira, ezta guri ere etorkizunean izango ditugun aparailuetan! (Liburu elektronikoen DRMari buruz hitz egin genizuen iazko martxoko zenbakian). Hau gertatzen da hainbat on line musika-dendatan eta e-book denda gehienetan.

Edukiaren kontrola galtzen

Joera honi esker, erabiltzaileok edukia gure ordenagailuetan ez edukitzera ohitzen ari gara. Izan ere, ikus-entzunezkoak kontsumitzera bideratutako gailu asko, hala nola smartphon eak edo tablet ak, biltegiratze-ahalmen txikiarekin datoz. Zertarako, dena on line badago eta handik zuzenean kontsumi badezaket?

Baina horrek badu bere puntu ahula: berriz ere, kontrola galtzen ari gara, eta enpresen esku uzten. Eta egia bada ere kasu gehienetan beste enpresa batzuk direla --hauek sarera egokitu dira eta eskaintza geroz eta handiagoa dute--, beti egongo gara beraiek nahi dutenaren menpe: beraiek jarriko dituzte prezioak, beraiek erabakiko dute eskaintza zein den eta beraiek inposatuko dizkigute baldintzak (DRM-a bezala).

Bestalde, internautok edukia P2P sareak erabiliz egin beharrean Megaupload eta Rapidshare moduko zerbitzuen bidez egiten badugu, nahikoa dute horiek ixtea truke oro eteteko. P2P sareen aurretik, denbora batez Napster moduko zerbitzuen bidez trukatzen zen musika; nodo zentral bakar batekiko dependentzia zuten, eta, hura itxi zutenean, akabo. Badirudi ez dugula ikasi...

Norbaitek esango du hori egiten dutenean beti daukagula lehengora bueltatzea eta berriz ere P2P sareak erabiltzea. Baina, bitartean, musika, telesail eta filmen inguruko webgune eta foro askotan zuzeneko deskargako webguneen estekak soilik jartzen ari dira, eta haiek alferrikakoak izango dira zerbitzu horiek ixten badituzte... Euskaraz, adibidez, badaude telesailak eta filmak (marrazki bizidunak euskaraz, Euskal Encodings...) nahiz musika (Ekaitzaldi) jaisteko estekak dituzten webguneak, baina esteketako asko zuzeneko deskargako webguneetarakoak dira. Zuzeneko deskargako webgune horiek itxiz gero, euskarazko edukia jendearen esku jartzeko esfortzu eskerga hori guztia pikutara joango da.

Ikus-entzunezko edukia on line zerbitzuetan zuzenean kontsumitzeko joera nagusitzen bada eta edukia gure ordenagailuetan gorde gabe erabiltzera ohitzen bagara, enpresek berriz ere erabaki eta mugatuko dute erabiltzaileok ia mugagabea bihurtu dugun eskaintza.

Leturia Azkarate, Igor
2
273
2011
3
016
Internet
Mundu digitala
26
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila