Digitalizazioaren ajeak

Leturia Azkarate, Igor

Informatikaria eta ikertzailea

Elhuyar Hizkuntza eta Teknologia

Edukia formatu digitalean izatea oso erosoa da ikuspegi askotatik: toki gutxiago okupatzen du, ez da degradatzen... Dena da abantaila, ezta? Tira, ba ez. Digitalizazioak ere baditu bere alde ilunak.

digitalizazioaren-ajeak
Arg. © Texelart/123RF

Digitalizazioak ekarri duen aldaketa ia oharkabean pasatu zaigu, gutxika gertatu delako, baina azken hogei urteetan edukia erosi, gorde eta kontsumitzeko modua erabat aldatu da. Lehen gure dokumentuak, argazkiak, audioak eta bideoak paperean edo zintetan izaten genituen, baina gaur egun digitalizatuta sortu eta gordetzen ditugu. Eta musika, filmak eta liburuak ere gero eta gehiago formatu digitalean erosi eta kontsumitzen ditugu.

Abantaila asko dituzte eduki digitalek, zalantzarik ez. Tokirik apenas okupatu eta oso gutxi pisatzen duen gailu batean asko sartzen da (disko gogor eramangarri batean gure eduki guztia eraman daiteke), online zuzenean kontsumitu dezakegu, erabilera edo denborarekin ez doa degradatzen, kopiak kalitate-galerarik gabe egitea oso erraza da... Baina guztia ez da hain polita ere.

Erositako edukien gaineko eskubide murrizketak

Irailaren hasieran komunikabide ugarik eman zuten albistea: Bruce Willis aktorea Apple enpresa auzitara eramatea pentsatzen ari zen, urteetan zehar iTunes-en erositako musika bilduma bere hiru alabei oinordetzan ezin zielako utzi. Izan ere, Appleren edukia erosten denean lizentziak argi dio erosten duen pertsonak soilik kontsumitzeko dela. Azkenean, berria faltsua suertatu zen; baina azpiko arazoa benetakoa da.

Ez da Apple soilik horrelako praktikak aurrera eramaten dituena. Eduki digitalak online erosi eta kontsumitzea ahalbidetzen duten enpresa eta webgune ia guztiek egiten dute: Amazonek eta e-bookak saltzen dituzten argitaletxeek, film eta serieak ikusteko webguneek... Abesti, liburu edo film bat erostean, gure gailura jaisten dugu fitxategia, baina DRM edo kopien aurkako babesarekin egoten da, gailu horretan (edo gureak direla egiaztatu dugun gutxi batzuetan) soilik funtzionatzen du eta ezin diogu beste norbaiti utzi.

Eszenatoki digital berrian, enpresa handiek beren baldintzak inposatu nahi dizkigute, baina eskubide-murrizketa onartezinak dira. Paperezko liburuekin edo audio- edo bideo-zintekin askatasuna dugu gauza ugari egiteko: lagunei utzi, saldu, liburutegi batean alokatu... Baina eduki digitalekin, ez ditugu erosten eta jabetza eta eskubideak eskuratzen; softwarearen erabilera-lizentzien antzera, entzuteko, ikusteko edo irakurtzeko lizentzia pertsonal bat da ematen digutena. Oso panorama kezkagarria da, (ikusi horren inguruan 2009ko irailean eta 2010eko martxoan idatzitakoak).

Bada dioenik kezka horrek ez duela zentzurik izango etorkizun hurbilean. Izan ere, gero eta arrakasta handiagoa dute musika eta filmak tarifa lauarekin online kontsumitzea ahalbidetzen duten zerbitzuak, eta ziurrenik liburuentzat ere sortuko dira antzekoak luze gabe. Halakoetan, harpidetza izanik, nahi adina eduki kontsumi dezakegu katalogo oso zabal batetik. Beraz, nahi dugun guztia nahi dugunean eskura badugu, zer axola du edukia gurea izan edo ez?

Beno, ez dakit hori etorkizuneko eredua izango den, baina nik desabantaila handiak ikusten dizkiot behintzat: edukirako atzipena harpidetza mantentzen dugun bitartean soilik daukagu, haien prezio eta katalogoetara mugatuta gaude, konexioa behar da edukiok kontsumitzeko, tarifa pertsona bakoitzak ordaindu behar du, ezin duzu edukia elkarbanatu lagunekin (horra harpidetuta ez badaude)... Familia bateko kide guztiak egongo dira tarifa lauak ordaintzen Amazonen, Spotifyn, serieentzako webguneren batean eta euskarazko musikarentzako zerbitzu batean? Jabego pribatuak izan ditzakeen gauza oker guztiekin ere, nahiago dut eduki kulturalen jabegoa eta kontrola guk geuk edukitzea eta ez enpresa handiek (honen inguruko nire iritzia eta jarrera zabalago azaldu nituen iazko martxoko zenbakian).

Formatu eta euskarrien zaharkitzea

Digitalizazioaren beste arazo handi bat ederki azaldu zuen Cosima Dannoritzer Comprar, tirar, comprar filmaren egileak ekaineko zenbakian. Gauzak formatu digitalean eta euskarri elektroniko batean ditugulako betiko seguru gordeta ditugulakoan gaude eta ez da horrela, euskarri eta formatu horiek zaharkituta gelditzen direlako.

Euskarriei dagokienez, disketetan gordeta dituzun dokumentuak agian jada ezingo dituzu errekuperatu ez baduzu diskete-irakurgailurik, eta etorkizunean berdin gerta daiteke CD edo DVDtan gordeta dituzun gauzekin edo, zergatik ez, kanpoko disko gogor edo pendrivetan dituzunekin, USB konexioa desagertzen bada. Hori gerta ez dakigun, euskarri bat zaharkituta gelditzen eta beste berri bat indarra hartzen ari dela ikusten dugun bakoitzean, dugun eduki guztia euskarri berrira pasatzea da soluzioa, baina ez da erraza izaten konturatzea eta gainera lan handia ekar dezake.

Formatuekin, kontua are okerragoa izan daiteke. Denoi gertatu izan zaigu dokumentuak testu-prozesagailu baten bertsio batean idatzita edukitzea, eta handik urte batzuetara testu-prozesagailu horren bertsio berriagoak hori ulertzeko gai ez izatea, ezta? Ba pentsa hori gertatzen bazaigu gure argazki, musika, bideo eta liburuekin, formatua (AVI, EPUB...) edo konpresiorako codec-a (MP3, DivX, JPEG...) etorkizunean zaharkituta gelditu eta softwarea horiek irekitzeko gai ez delako! Kasu honetan, konponbidea agian errazago aurkitu ahal izango dugu software librearen munduan. Bertan oso errotuta dago gauzak zaharkituta ez gelditzearen kultura: sistema eragileak eta programek ez dute hardware-eskakizun handiegirik, eta, makina zaharretan ere ongi ibili ahal izateko, atzeranzko konpatibilitatea mantentzen saiatzen dira, eta formatu ahalik eta gehien maneiatzeko gai den softwarea egiten da. Ikusi izan dut ofimatikako software libre bat gai dena formatu propietario baten bertsio zaharragoak irekitzeko formatu propietario horren sortzailearen ofimatika paketeak baino! Software librea erabiliz, batzuetan posible izango dugu formatu zaharkituak irekitzea eta berriagoetara bihurtzea, baina lan ikaragarria izan daiteke hau ere.

Lortu beharko dugu digitalizazioak eskubide-murrizketarik ez ekartzea, eta asmatu beharko dugu modua euskarri eta formatuen zaharkitzearen kausaz edukiak ez galtzeko (formatu estandarrak atzeranzko konpatibilitatearekin gailentzea bultzatuz, adibidez). Bestela, bidaia honetarako ez genuen horrelako alportxen beharrik...

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.