Blockchainen munduaren bide galdua

Leturia Azkarate, Igor

Informatikaria eta ikertzailea

Elhuyar Hizkuntza eta Teknologia

Kriptodirua, NFTak, Web3... besterik ez da entzuten azkenaldian mundu digitalean, eta baita mundu digitaletik kanpo ere. Guztiak blockchain edo bloke-kateen teknologiaren aplikazioak dira. Haien apologistei kasu eginez gero, ematen du Internet asmatu zenetik izan den iraultzarik handiena dela, eta haren parekoa. Baina, egiatan, ez dago teknologiaren munduari onura edo aldaketa handia ekarri dion edo jendearen bizitza errealetan eraginik izan duen ezer. Aitzitik, espekulaziorako baliatzen ari diren kontuak besterik ez dira eta ingurumenari kalte ikaragarria egiten diote.

blockchainen-munduaren-bide-galdua
Arg. Pixabay

Badira hamalau urte blockchain edo bloke-kateen teknologia sortu zela. Satoshi Nakamoto izeneko norbaitek edo norbaitzuek asmatu zuten iruzurren aurka diseinatutako datu-base deszentralizatu hau, kriptodiruaren kontzeptuarekin eta Bitcoin lehenengo kriptomonetarekin batera. Berrikiago, asko hitz egin zen transakzioen biltegiratze banatu, fidagarri eta manipulaezin honek izan zitzakeen aplikazio ugariez: logistika, hauteskundeak, herritarren informazioaren erregistroak, kontratuenak, enpresa-aplikazioak... Ez dago argi horrelako erabilera erreal eta praktikoek zabalkunde handirik izan duten edo ez, baina, azkenaldian, ikaragarri zabaldu dira bestelako erabilera batzuk, praktikotasun gutxi baina ondorio oker asko dituztenak.

Kriptodirua: espekulaziorako besterik ez

Kriptodiruaren atzean dagoen ideia da dibisa digital bat izatea, zeinaren jaulkipena aurrez erabakita baitago eta software batek kontrolatzen baitu, bankuen eta estatuen injerentziarik gabe autorregulatuko litzatekeena. Bada, inolako interbentziorik gabe uzten diren merkatu guztietan bezala, espekulazio basatienaren zelai bihurtu dira Bitcoin, Ethereum, Dogecoin eta beste kriptomoneta guztiak. Haien erabilera erreala, hau da, gauzak benetan saldu eta erostekoa, oso txikia da, ez bada legez kanpoko ekintzetarako edo dirua zuritzeko. Aitzitik, denok ikusi dugun bezala, ikaragarri ugaritu dira bitcoinetan edo beste kriptomonetatan inbertitzeko webguneak, aplikazioak, plataformak edo bulego fisikoak. Nonahi agertzen zaigu horien publizitatea, eta are gehiago gaztetxoei: haien idolo diren youtuberak etengabe ari zaizkie esaten inbertsio ziurra eta irabazi handikoa dela eta mundu hori etengabeko gorakadan ari dela, hori esateko ordaintzen dietela aitortu gabe. Hori dela eta, jende askok sartu du dirua haietan, eta, ez dagoenez ezer betirako denik, gorakadak amaitu direnean, beti bezala, gutxi batzuek (betikoek) asko irabazi dute komisiotan, eta inbertitzaile txiki askok diru asko galdu du. Eta oraindik asko dago etortzeko...

Gainera, kriptomoneten munduak badu beste alde ilun bat ere. Izan ere, kriptomoneta berrien jaulkipena eta haiek eskuratzea “meatzaritza” deritzon eta ordenagailuek kalkulu kriptografikoak egitean datzan prozesu baten bitartez egiten da. Horregatik, enpresa, norbanako zein inbertitzaile-talde ugari ari dira errentagarritasun handia ematen duten txanpon horiek eskuratzeko ordenagailu-etxaldeak muntatu eta etengabe meatzaritzan jartzen. Eta horrek kalte ugari dakartza: enpresa tradizionalek inbertitzaileak lortzeko zailtasunak dituzte; ordenagailuak eta txartel grafikoak falta dira eta prezioak igotzen ari dira; eta ordenagailu horiek duten energia-kontsumo ikaragarriak kalte handia egiten dio ingurumenari. Horretaz gain, malware ugari dago gure ordenagailuak beste batzuentzat kriptomoneten meatzaritza-lanetan jartzen dituena.

NFTak: ‘artea’ren erabilera zentzugabea

Azken bizpahiru urteetan asko entzuten ari gara NFTen inguruan. Siglaren esanahia Non-Fungible Token da, eta, izatez, datu-unitate unibokoki identifikagarri bat besterik ez da. Baina normalean NFT bakoitza fitxategi digital batekin lotzen da, eta NFT baten jabe izateak teorian adierazten du fitxategi digital horren jabe izatea. Eta NFTen jabetza-agiriak eta transakzioak bloke-kateeetan gordetzen dira. NFTak erabiltzen dira zenbait bideo-jokotan osagarri esklusiboak erosteko (arropak, tresnak...), bai eta arte digitalaren salerosketetan ere.

Arg. Wikimedia

Eta zer arazo dago NFTekin? Bada, batetik erosle askori ez zaiela argi esan NFT baten jabe izateak zer esan nahi duen. Izan ere, soilik esan nahi du NFTa kudeatzen duen plataformak ziurtatzen duela NFTa berea dela, baina horrek ez du bermatzen NFTari lotuta dagoen fitxategi digitalaren jabetzarik edo ustiaketa-eskubiderik duenik; are gutxiago berme juridikorik edo fitxategia inork ez kopiatzeko teknologiarik. Bestetik, NFTek gauza onik izan badezakete ere (artistei dirua egiteko aukera ematea, adibidez), gaur egun espekulaziorako besterik ez dira erabiltzen, kriptomonetak bezala. Boladan daudenez, erosten dira (eta batzuk oso garesti), gero garestiago salduko diren esperantza hutsarekin, eta jende asko ari da horretan inbertitzen aholkulariek etorkizuneko inbertsioa direla esan dietelako; tartean gaztetxo asko, euren oheburuko influencerek hartara bultzatuta. Areago, gaztetxo asko ari dira beraien bizitzak ‘arte’ digitala NFT gisa saltzera bideratzen, hala azkar eta esfortzurik gabe aberastuko direlakoan, eta 8 biteko irudi sinpleen edo meme tontoen NFTak erregistratzen, komisioa kobratzen dieten plataformetan. Azkenik, edozein bloke-katek zerbait erregistratzeko egin beharreko kalkulu kriptografikoengatik eta manipulaezintasunak zerbitzari ugaritan banatu beharra dakarrelako, NFTek kaltea dakarkiote ingurumenari ere, eta munduari onurarik apenas.

Web3: inork eskatu ez duen web berria

Weba enpresa, aplikazio eta zerbitzu gutxi batzuen esku geratzen ari dela aitzakia hartuta, bloke-kateen eta kriptomoneten apostoluek hurrengo bertsioa, Web3, proposatu dute. Bertsio horrek ez du zerikusirik Tim Berners-Lee webaren sortzaileak berak aspalditik proposatutako Web 3.0arekin, hau da, web semantikoarekin. Web3 berri hau, besterik gabe, bloke-kateetan eta kriptomonetetan oinarritutako web berri bat litzateke. Oraindik egitasmoa besterik ez bada ere, kritika ugari jaso ditu Web3-k, ongi merezitakoak denak.

Izan ere, bloke-kateetan oinarrituta egote hutsagatik, berriz ere, energia-kontsumo handiagoa izango luke. Horretaz gain, proposamenean ez dute argitzen nola gauzatuko diren Web3-n egungo webaren zenbait ezaugarri derrigorrezko, hala nola datu-baseak, eta, horregatik, askok diote vaporware hutsa dela (hau da, oso egintzat edota oso ontzat saltzen diguten baina benetan existitzen ez den edota ezinezkoa den teknologia).

Bestalde, Web3-n interes handiena agertu dutenetako batzuk konpainia teknologiko handiak dira, eta nekez lortuko du horiekin Web3-k bere sorrerako helburuetako bat: horiekiko mendekotasuna edo zentralizazioa ekiditea. Egia izanik ere egungo weba enpresa gutxi batzuetan zentralizatua dagoela eta hori arazo handia dela, weba berez protokolo deszentralizatua da, eta soluzioa aspaldi existitzen da: ActivityPub, Nextcloud edo Matrix bezalako teknologia deszentralizatu federatuen sorta eta horiek baliatuta jada existitzen diren tresna eta zerbitzuak. Aski da erabiltzaileak horietara pasatzea, Web3 eta bloke-kateen beharrik gabe.

 

 

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila