Teorema baten atzetik

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

Javi Duoandikoetxea EHUko matematikariari dibulgazio-liburu bat gomendatzeko eskatu diogu, eta egile berezi baten liburua aukeratu du: Cedric Villani frantziarra, Fields domina baten irabazlea.
teorema-baten-atzetik

Cedric Villanik matematikako emaitza garrantzitsu bat lortu bitarteko prozesua kontatzen du. Obsesio bihurtzen zaio, baina hori ez da berezia, gauza bera gertatzen baitzaie hainbat zientzialariri helburu baten atzetik dabiltzanean. Hala ere, Villaniren kasuan, bada beste asmo bat ere, hasiera-hasieratik ezkutatzen ez duena: Fields domina lortzea 2010ean, hori baita bere azken aukera, adinagatik. Aurretik sari batzuk irabazi dituenez ordura arte egindako lanagatik, badaki Fieldserako hautagai izan daitekeela, eta uste du emaitza on batek asko lagunduko liokeela.

Clement Mouhot tesi-ikasle eta lankidearekin batera egindako proiektua da. Era "modernoan" egiten dute lan. Ez dira askotan egoten elkarren alboan, baina harremanetan daude etengabe, Internet bidez. Liburuaren zati asko elkarri bidaltzen dizkioten mezu elektronikoak dira. Mezu bat idatzi, eta handik minutu batzuetara beste bat eta, gero, beste bat.

Villanik ezin du etenik egin. Familiarekin dagoen arren, etxean ere tarteak behar ditu buruan bueltaka duen horrekin jarraitzeko.

Lortuko dutelako konfiantza erakusten du, baina zalantzak ere bai. Gaiari buruz ematen dituen hitzaldi batzuk ere aipatzen ditu, artean lana amaitu gabe duela, bai eta horrek sortzen dion urduritasuna ere, entzule adituek egingo dizkioten galderen aurrean. Azkenean, horrek guztiak lanaren alde ahulak ikusteko balioko die egileei, eta azken bertsioa hobetzen lagunduko. Hori izan zen argitaratzeko onartu zietena, lehen bertsioari ezezkoa eman eta gero.

Gaiak eta lekuak aitzakia dira pertsonaiak plazaratzeko ere. Batzuk historikoak (matematikaren historiakoak); beste batzuk, berriz, gaurkoak.

Théorème vivant
Cedric Villani
Grasset, 2012
224 x 154 mm
ISBN: 978-2246798828
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila