Medikuntza alternatiboa aztergai

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

Medikuntza alternatiboa aztergai
2011/04/01 | Roa Zubia, Guillermo | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: -)

Herri anglosaxoietan, Halloween gauean umeak etxez etxe joaten dira gozoki eske. Beren buruak aurkezteko " Trick or treat " esaldia erabiltzen dute, alegia, maltzurkeria bat egingo dute -- trick --, etxekoek gozokiak emateko tratua ez badute egiten -- treat --. Liburu honen izenburua esaldi horrekin egindako hitz-jokoa da " Trick or treatment ". Medikuntza alternatiboaren edo osagarriaren esparruan, iruzurbidea (maltzurkeria) ala sendabidea (tratamendua) den nagusi aztertzen da.

Lehen kapituluan saio kliniko bat zer den, nola egiten den ikerketa on bat eta emaitzak nola interpretatu behar diren azaltzen dute. Irakurlearentzat, medikuntzaren ikerketa baloratzeko gida moduko bat da, irizpide argi batzuk.

Funtsean, medikuntza alternatiboan indar handia duten lau terapia aztertzen dira: akupuntura, homeopatia, kiropraxia eta sendabelarren medikuntza.

Terapia horiek kapitulu bana dute, egitura berberekoak denak. Lehenik, terapiaren jatorria zein den eta zertarako erabiltzen den kontatzen da. Eta, gero, zer ikerketa egin diren terapia horren gainean, nolakoak diren eta zer balio duten.

Ia kasu guztietan, ondorioa da terapia horiek ez direla eraginkorrak tratatu beharrekoa tratatzeko; hau da, plazebo-efektuak ekartzen duena baino onura handiagorik ez dutela ekartzen terapia horiek.

Oso azterketa hotza eta sistematikoa egiten dute egileek kasu bakoitzean, eta xehetasun handietaraino jaitsita. Oro har, ez dute aldeko edo kontrako jarrera hartzen; aurkezten dituzten datuen ebidentzia da, azken batean, irakurleen iritzia alde batera edo bestera eramaten duena.

Hala ere, salbuespen bat dago: terapia kiropraktikoan. Kasu gutxi batzuk izan dira non terapiak heriotzak eragin dituen. Kiropraxian, batzuetan, oso mugimendu bortitzak erabiltzen dira, eta hildako gutxi batzuk izan dira teknika lepoan aplikatu ondoren. Oso kasu gutxitan izan dira heriotzak, baina egileen arabera, terapia horrekin arriskuan jartzen ari zara zeure burua, trukean onurarik eskuratu gabe.

Hain zuzen, egileetako bat, Edzard Ernst, kiropraktikoa da. Eta liburu honetan parte hartu izana barrutik egindako gogoeta baten ondorioa da. Une bat iritsi zen, zeinetan bere buruari galdetu zion egiten ari zen jarduera profesionalak benetako oinarri zientifikoa ote zuen.

Beste egilea, Simon Singh, zientzia-gaietan espezializatutako idazle bat da. The Guardian egunkarirako kiropraxiari buruzko zutabe bat idatzi zuen, iruzurgile batzuk zirela esanez. Kiropraxia Elkarte Britainiarrak auzitara eraman zuen. Polemika handia sortu zen kontu horrekin. Herri-mugimendu bat sortu zen kiropraxiaren kontra, eta, luzarora, kiropraxiaren elkarteak bertan behera utzi zuen salaketa.

Hain zuzen ere, The Guardian eko zutabea izan zen liburu honen abiapuntua.

Sendabide ala iruzurbide
Edzard Ernst eta Simon Singh
Elhuyar Edizioak
325 x 130 mm
ISBN: 978-84-92457-54-0
Jatorrizko izenburua: Trick or Treatment
Roa Zubia, Guillermo
2
274
2011
4
024
Bibliografia; Medikuntza alternatiboa
Liburutegia
60
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila