John Emsley eta gustura irakurtzen den kimika

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

john-emsley-eta-gustura-irakurtzen-den-kimika

John Emsley kimikaria eta dibulgazioko idazlea da, eta bi izaera horiek trebetasun handiz uztartzen ditu. Bere web-orrian egiten duen aurkezpenean, hasieratik uzten du argi: "I'm an author. I'm a chemist" esaten du ("Idazlea naiz. Kimikaria naiz"). Eta, dagoeneko, bi esparruak uztartuta, 15 liburu argitaratu ditu. Kritika oso onak izan ditu, neurri batean idazteko estiloari esker, eta, beste neurri batean, ibilbidearen hasieratik ekin diolako gertuko kimikari buruzko testuak idazteari. Eta gertuko kimika ez den kasuetan, interes handiko kimikari buruzkoak.

Molecules of Murder oso adibide adierazgarria da. Pozoinei buruzko liburua da. Haren hitzetan: "Liburu hau produktu kimiko oso arriskutsu batzuei buruzkoa da. Zoritxarrez, batzuek uste dute produktu kimiko guztiak direla arriskutsuak". Emsley saiatzen da gauzak dagokien lekuan uzten. Pozoi ezagun batzuen historia eta eragina azaltzen ditu, hilketa ospetsu batzuk hari moduan hartuta. Esate baterako, errizinoari buruz hitz egiten du Georgi Markov idazle eta kazetari bulgariarraren kasuari lotuta; Markovek Bulgaria komunistatik ihes egin zuen, eta urte batzuk geroago Errusiako KGBk pozoitu egin zuen errizinoarekin. Diamorfinaz hitz egiteko, Harold Shipman hiltzailearen kasua erabiltzen du Emsleyk; Shipman Ingalaterrako mediku bat zen, eta susmatzen dute 200 pertsona baino gehiago hil zituela diamorfina erabilita. Liburuan aipatzen den beste kasu bat da Alexander Litvinenko espioi errusiarraren hilketa, polonio-210 isotopoa erabilita gauzatu zena. Duela urte gutxiko albistea izan zen mundu osoko komunikabideetan.

John Emsleyren beste liburu aipagarri bat Vanity, Vitality, and Virility da. Gustura erosten diren produktuen kimikari buruzko liburua da. Izenburuarekin lotuta, besteak beste, ezpain-barraren historia kontatzen du ( Vanity ), elikagaien industrian erabiltzen diren gantzak aztertzen ditu ( Vitality ) eta Viagraren historia azaltzen du ( Virility ). Eta horiez guztiez gainera, erosten ditugun beste substantzia askori buruz hitz egiten du: desinfektatzaileak, depresioaren kontrako botikak, txikleak eta barruko arropa erotiko jangarriak dituzten "ezkutuko" polimeroak, asfaltoak eta beste produktu asko. Kontuan hartzeko modukoa da John Emsleyren lana. Kimika denontzat, eta ondo idatzita.

Molecules of Murder: Criminal Molecules and Classic Murders
John Emsley
Royal Society of Chemistry
242 x 160 mm
ISBN: 978-0854049653
Vanity, Vitality, and Virility
John Emsley
Oxford University Press
234 x 165 mm
ISBN: 978-0192805096

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.