Bizitza oso aspergarria izango litzateke egunero zeru urdina jasan behar izango bagenu. "Hodeiak dira --dio Gavin Pretor-Pinney ingelesak-- munduan dagoen ikuskizunik ederrena". Naturan ez dago beste ezer hainbesteko dramatismoa eragiten duenik.
Ideia horiek hitzaldietan aurkezten zituen Pretor-Pinneyk, eta hitzaldiek zuten entzule-kopuru handia ikusita, hodeien behatzaileen elkarte bat sortzea bururatu zitzaion: Cloud Appreciation Society (www.cloudappreciationsociety.org).
Kideek hodeien argazkiak bidaltzen zizkioten; argazki onak eta harrigarriak. Denborarekin, jasotako materiala gehiegizkoa zen web-orriari doan eusteko, eta diru-kopuru txiki bat kobratzen hasi zitzaien kide berriei.
Arrakasta kumulu bat bezain azkar etorri zitzaion Pretor-Pinneyri, neurri batean elkarteari esker, eta baita hodeiei buruz idatzi zuen liburuari esker ere, hodeien behatzailearen gidaliburuari esker.
Meteorologiari buruzko dibulgazio-testu bat da liburua; hodei-motak aurkezten ditu, eta azalpenak ematen ditu hodeien sorrerari eta eboluzioari buruz. Baina beste zerbait ere bada. Hodei-mota horiekin zerikusia duten anekdotak eta istorioak kontatzen ditu. Adibidez, William Rankin teniente koronelaren istorioa kontatzen du, kumuluninbo bat paraxutez zeharkatu duen pertsona bakarrarena. Istripua izan zuen hegaldi batean, eta salto egin behar izan zuen 16.000 metroko altueratik, bai eta hodeia zeharkatu ere. Kumuluninboak ekaitz bortitzenak eragiten dituzten hodeiak dira.
Bestalde, BBCko albistegietan eguraldiaren iragarpenean erabili izan dituzten sinbolotxoak aztertzen ditu liburuan. Lehendabizikoak Mark Allen diseinatzaileak sortu zituen 1975ean. Pretor-Pinneyren ustez, ez da harritzekoa Allenek hodeien sinbolotzat kumulu baten irudia hartu izana.
Artearen eta hodeien arteko harremana ere aztertzen du. Adibidez, haren esanean, Constable margolari ingelesa da hodeiak hobekien margotu dituena. Zinemari buruz ere hitz egiten du behin baino gehiagotan; Encuentros en la tercera fase film ospetsuan, adibidez, estratokumuluen sorrera azaltzen du Richard Dreyfuss aktorearen pertsonaiak, eta hori ere jasota dago liburuan.
Hodeien arabera dago antolatuta liburua. Kapitulu bakoitza hodei-mota jakin bati esleitzen dio, eta kapitulu-sortak eratu ditu atmosferan duten banaketaren arabera: hodei baxuak, erdikoak eta altuak.
Oso liburu berezia da, irakurtzeko erraza, zientzia eta zientzia ez dena nahasten dituena. Best-seller bat izan da Erresuma Batuan, eta gero munduan zabaldu da. Gaztelaniazko edizioa, Guía del obsevador de nubes , 2007koa da.