Biologiak irakasten du zelulak direla biziaren oinarrizko unitatea. Gizakia bera zelulaz eginda dago; gizakiaren organo guztiak daude zelulaz eginda. Baina zelula guztiak ez dira berdinak. Bakterioenak zelula sinpleak dira (bakterio bat zelula sinple bakar bat da, egia esan) eta gizakiak eta bizidun konplexu guztiek dituztenak zelula konplexuak dira. Baina, teoria baten arabera, zelula sinpleen elkarketa baten ondorioa dira zelula konplexuak.
Teoria hori hizpide dugun liburuaren egileetako batek proposatu eta garatu zuen, Lynn Margulis biologo estatubatuarrak. Giza zelulen mitokondrioa, adibidez, bakterio independente bat izan zen garai batean; beste bi bakteriorekin sinbiosian bizitzen hasi zen, eta, azkenean, egitura konplexu bat osatu zuten.
Eboluzioaren historia bera da. Eta oraindik ere gertatzen da prozesu hori. Bakterio batzuk oraindik beste batzuekin integratu gabe daude, eta ez dute, beraz, zelula berririk sortu, baina ezinbestekoak dira bizidun konplexuentzat (giza hestean bizi direnak edo belarjaleen digestio-sisteman bizi direnak, adibidez). Horregatik, organismo konplexu bat (zu eta ni, esate baterako), bakterioen eta zelulen komunitate handi bat da. Sinbiosian bizi dira, eta horri esker irauten du bizirik organismoak. Eta giza garuna bera ere sinbiosian bizi izan diren milioika bakterioen multzo baten ondoriotzat uler daiteke, Margulisen eta Saganen arabera.
Mikrokosmosa osatzen dute bakterio horiek, eta horixe dugu liburuaren izenburua.
Ikuspuntu horren arabera, gizaki bakoitza (esate baterako) ez da bizidun bakar bat, baizik eta bizidun askoren komunitate handi bat. Bakterioak ditu komunitate horrek, bai eta bakterioek eboluzioan zehar sortutako zelulak ere. Azken batean, biziak behar dituen sistema kimikoen asmatzaileak dira bakterioak, Margulisek eta Saganek diotenez. Eta sistema horiek ez dira aldatu eboluzioan zehar.
Ikuspuntu horretatik abiatuta dago idatzita liburua. Mikroorganismoen gaia hartuta, bidaia bat egiten dute bi egileek eboluzioan zehar. Biziaren sorreran hasi, eta espazioaren konkistaraino, konkista horretan gizakiak bakterioak bidali baititu Lurretik kanpo.