Gai batetik besterako saltoen joko bat

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

Gai batetik besterako saltoen joko bat
2010/12/01 | Roa Zubia, Guillermo | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: -)

Liburu hau gai askotan zeharreko bidaia gidatua da. Lehen orria azido sulfurikoari buruzko artikulu baten hasiera da, eta, azken orria, Louis Pasteurri buruzko artikulu baten bukaera. Eta, tarteko orrietan, beste artikulu asko sartzen dira, nolabaiteko hari bati jarraituta.

Azido sulfurikoa Geber Erdi Aroko zientzialariarekin lotzen du (Abu Musa Jabir ibn Hayyan da haren jatorrizko izena). Geber, alkimisten "filosofoen harriarekin". Filosofoen harria, Paracelsorekin. Eta horrela, gai batetik bestera salto eginez, artikuluen segida bat osatu duPedro Gomez-Estebanek, liburuaren egileak, Louis Pasteurri buruzko artikuluarekin bukatu arte.

Modu horretan, kimika, historia, fisika, medikuntza eta beste esparru asko ekartzen ditu 200 orrialde baino gehiagoko testu honetara.

Hitzaurrean aitortzen duenez, gaiak lotzeko modu hori BBCko Connections telesaila ikusita bururatu zitzaion. Telesail hartan, James Burke aurkezleak aurkikuntza asko erakusten zituen, bakoitzari denbora gutxi esleituta (Gomez-Estebanen esanetan, aspertzeko adinako denbora-tartera iritsi gabe), eta gai ezberdinen arteko loturak nabarmentzen zituen. Hain zuzen ere, hori zen Connections en tesia; ikuspuntu historikotik gauza guztiak daudela elkarri lotuta.

Artikuluak, berez, ez ditu liburua osatzeko idatzi Gomez-Estebanek. Bere zientzia-dibulgaziozko blogaren sarrerak dira. Urtetan idatzitako zenbait artikuluren bilduma bat da. El Tamiz izena du blogak (http://www.eltamiz.com/), eta artikulu hauek biltzen dituen atalak liburuaren izenburu bera du, Hablando de...

Egileak jarraitzen du artikuluen segidarako idazten, baina liburu-formatuan lehen hogeiak bakarrik argitaratu ditu. Atala ez da bukatu. Gaiak ez dira agortu. Hain zuzen ere, azken artikuluaren azken esaldia hauxe da: "Baina zeta aipatu dugula... (hurrengo liburuan jarraituko du)". Beraz, hurrengo bildumaren lehen artikulua zetari buruzkoa izango da.

Liburuak ez du argitaletxeen ohiko bidea egin. Soilik Internetez eros daiteke, Lulu denda digitalean (http://www.lulu.com/).

Egilea, Pedro Gomez-Esteban, fisikaria eta irakaslea da, eta dibulgazioaren ikuspuntutik bi ezaugarri nagusi ditu: gaiak oso ondo ulertzen ditu, eta ulertutakoa oso ondo azaltzen du. Izan ere, El Tamiz blogaren filosofia Gomez-Estebanek askotan erabiltzen duen esaldi honetan dago laburbilduta: "Ulertezina baino, sinplista izatea nahiago". Hablando de... liburuak aukera ona ematen du artikuluetan filosofia horri heltzen diola baieztatzeko.

Hablando de... Del ácido sulfúrico a Louis Pasteur
Pedro Gómez-Esteban
Ed.: Lulu.com
217 x 140 mm
Roa Zubia, Guillermo
2
270
2010
12
028
Bibliografia
Liburutegia
60
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila