Dinosauroak aurkitzeko premia

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

Dinosauroak aurkitzeko premia
2011/03/01 | Roa Zubia, Guillermo | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: -)

Guretzat, dinosauro izen arrunta da. Eta oso arrunta da izen horren atzean dagoen kontzeptua, alegia, eboluzioan noizbait arrakasta handia izan zuten narrasti erraldoien multzo bat. Baina duela 200 urte, ez ziren ez izena, ez kontzeptua existitzen. Fosilak jasotzeko zaletasuna, ordea, bazegoen zenbait tokitan.

Ingalaterrako hegoaldea zen toki horietako bat. Eta, hain zuzen ere, hango fosilzaleek aurkitu zituzten lehen dinosauroak; 1811n, Mary Anning izeneko neska batek iktiosauro baten hezurdura oso bat aurkitu zuen lehen aldiz. Ez zekien zer zen, krokodilo zahar baten hezurdura fosildutzat hartu zuen. Beste inork ere ez zekien zer zen, baina aurkikuntza horrek eta hurrengo urteetan egindako beste batzuek geologoen interesa piztu zuen. Lurraren adina orduan ari ziren ikertzen, eta fosilak elementu garrantzitsuak ziren ikerketa horretan. Zoologoen teoriak ere astindu zituzten dinosauroen fosilek.

Liburu honek jende horren guztiaren historia kontatzen du, fosilzaleena geologoena eta zoologoena. Dinosauroen aztarnak aurkitzeko eta ia harrapatzeko lasterketa bat jarri zen martxan, eta, horrekin batera, fosilen interpretazioa egitekoa ere bai.

Izen handi asko azaltzen dira dinosauroen fosilei lotuta. William Buckland apaizak, esate baterako, dinosauroen aurkikuntza Bibliaren interpretaziora egokitu nahi izan zuen; James Parkinsonek (Parkinsonen gaixotasuna lehen aldiz deskribatu zuen medikua eta Geological Society erakundearen sortzailetako bat) fo silak noizkoak ziren jakiteko erreferentzia-sistema zehazteko lanean hartu zuen parte; Zoologiako aditu handienetako bat, Georges Cuvier frantsesa, ingelesen aurkikuntzen eta espekulazioen epaile izan zen; eta beste adibide asko dago.

Nolanahi ere, aipagarrienak bi izen izan ziren: Gideon Mantell eta Richard Owen. Biak izan ziren adituak dinosauroen hezurren ikerketan, eta zientziaren historian izan den norgehiagoka ezagunenetako batean aritu ziren. Gaur egun, Oweni ematen zaio garrantzi gehien, hura izan baitzen dinosauro hitza asmatu eta zabaldu zuena.

Ezin ahaztu beste izen handi bat: Charles Darwin. Eboluzioaren aitak garrantzia du kontakizun honetan, ez dinosauroen fosilak bilatzeagatik edo aztertzeagatik, baizik eta haiek ulertzeko teoria sendo bat garatu zuelako. Hala ere, Darwinek beldurra zion, adibidez, Owenen iritziari. Eta bazuen horretarako arrazoirik; hasieran, Owen Darwinen aldekoa bazen ere, ezin zituen onartu teoriak zituen azken ondorioak. Eta dinosauro hitzaren asmatzaileak indar handia zuen XIX. mendeko zientzian.

Los Cazadores de Dinosaurios
Deborah Cadbury
Ediciones Península
224 x 150 mm
ISBN: 84-8307-518-0
Jatorrizko izenburua: The Dinosaur Hunters
Roa Zubia, Guillermo
2
273
2011
3
024
Bibliografia; Paleontologia; Eboluzioa
Liburutegia
60
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila