Hau ez da Stephen Jay Gould-en liburu ezagunena. Hala ere, Gizonaren neurketa okerra liburuak gai biziki interesgarri bat aztertzen du. Oinarrian aipatzen du zer teknika edo metodo zientifiko erabili izan den arrazakeria justifikatzeko. Klasikoak argitaletxeak euskarazko edizioa argitaratu du, Elhuyar Fundazioko Oihane Lakarrek itzulita.
Izenburuan gizona aipatzen du, eta ez gizakia, gizonezkoekin bakarrik egiten zituztelako ikerketa haiek. Emakumezkoak ez ziren kontuan hartu ere egiten. Neurketa okerra terminoak adierazten du zer metodo sasizientifiko erabili diren arrazakeria justifikatzeko.
Gouldek ibilbide kronologiko bat egiten du. Paul Brokaren kasuarekin hasten da. XIX. mendean gizonen buruak neurtzen hasi zen Broka, buruaren tamaina eta adimena parekatuz. Zenbat eta buru edo garun handiagoa izan, orduan eta adimentsuagoa zen gizona. Horretarako, garezurren diametroak neurtzeaz gain, hildakoen garezurrak balez betetzen zituen, eta pisatu egiten zituen. Goulden arabera, neurketa horiek egiten zituzten zientzialariek, nahigabe baina aurreiritziek bultzatuta, iruzurra egiten zuten neurtzean. Gutxiesten zituzten arrazetako gizonezkoen kaskezurretan balak ez zituzten asko trinkotzen (beltzen kasuetan, adibidez). Besteetan ahalegin handiagoa egiten zuten ahalik eta bala gehien sartzeko (zurien kasuan, adibidez).
IQ koefizientea neurtzeko testa sortu zutenen kasua ere aztertzen du Gouldek. Alfred Binet fisiologo frantsesak sortu zuen, Estatu Batuetako gobernuak eskatuta. Eskoletan arazo bereziak zituzten haurrak identifikatzeko beharra zuten. Binetek umearen berezko gaitasunak neurtzeko test bat prestatu zuen. Test horrek ez zuen neurtzen eskoletan ikasitakoa. Baina, denborarekin, testa immigranteei Estatu Batuetan sartzea baimentzeko erabili zuten. Gould oso kritikoa da horrekin; hamabi orduz bidaian izan den pertsona bat hartzen zuten mugan, bakandu egiten zuten, eta testa eginarazten zioten. Askok ez zekiten ingelesa; edo arkatz bat ez zuten inoiz eskuetan izan. Eta testaren emaitza erabiltzen zuten inmigrante asko adimen txikikoak zirela argudiatzeko eta Estatu Batuetan sartzen ez uzteko.
Liburuaren bukaeran, eranskin moduan, gaiari buruzko lau saiakera daude. Gouldek horri buruz idatzitako azken testua da lehenengoa: Gaussen kanpaiaren kurbaren erabilera kritikatzen du. Beste hiruretan, arrazakeriaren hiru mendetako ikusmoldea aztertzen du, XVII., XVIII. eta XIX. mendeetakoa, hain zuzen. Dibulgatzaile handi baten lan aipagarriak dira, liburua osatzen duten gainerako testuak bezala.