Harritu nauten ekarpen asko egon dira, eta zaila egiten zait bat hautatzea. Zalantzarik gabe, oso nabarmenak izan dira Interneten eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiaren arloan izan diren aurrerapenak, biologia molekularrean, fisikan...
Bakarra aukeratu beharrean, azpimarratuko nuke zer garrantzitsua den diziplinartekotasuna. Hau da, nola arlo desberdinetako pertsonak elkartuta, oso ekarpen esanguratsuak egin ditzaketen. Adibidez, adimen artifiziala erabilita, aminoazidoak jakinda, proteinaren egitura aurreikustera iritsi dira. Lorpen horrek aurrerapen nabariak ekar ditzake etorkizunean bizitzaren eta osasunaren zientzietan.
Eta zenbat eta arlo desberdinagoak izan, orduan eta aberatsagoa da elkarlana. Hori bai, ez da batere erraza: batetik, bataren eta bestearen hizkuntzak desberdinak izaten direlako, eta, bestetik, disziplina desberdinetako zientzialarien helburuak ere desberdinak izan daitezkeelako, eta, zenbaitetan, helburuetako bat atzean utzi behar da. Arloetako batek soilik dakiena aplikatu behar du, beste arloan aurrerapena lortzeko. Estatistikarekin edo beste teknologia batzuekin asko gertatzen da.
Bestalde, errazagoa da teknologian aurreratzea gizartean baino. Pandemian oso garbi ikusi dugu hori: txertoak oso azkar lortu dira, eta oso txerto onak, baina gizarte mailan ezin da esan askorik aldatu garenik. Arlo psikologikoan, harremanetan, soziologian... zailagoa da eboluzionatzea teknologian baino.
Gauza askorena! Baina ateratzen zaidan lehena, eta ez dakit familia-kontuengatik oso baldintzatuta nagoelako ote den, minbiziaren kontrako tratamendu on bat lortzea da. Sendatzeko gai ez bada, gutxienez, bizi-kalitate onarekin kroniko bihurtuko duena. Jakina, ez da nire familian bakarrik; gure inguruan kasu ugari daude, eta bereziki mingarriak iruditzen zaizkit umeenak. Aipatzekoa da asko aurreratu dela arlo horretan. Duela gutxi irakurri nuen % 85ek aurrera egiten duela, eta hori oso berri ona da, baina, % 100era iritsiko bagina, are hobea litzateke. Iraultza horren lekuko izan nahiko nuke: sufrimendu hori arinduko edo ezabatuko duen terapia eraginkor bat lortu dela.
Eta bestea antzekoa da, baina alzheimerrarekin lotua dago. Hori ere egoera pertsonalarekin lotzen da, eta prebentzioan eta tratamenduan aurrerapausoak ematea lortuko balitz...
Elhuyarrek garatutako teknologia