Ikertzen hasi nintzenetik, beti izan dut gaitzat giza ugalkortasun artifiziala. Eta txundigarria iruditzen zait 1980eko hamarkadatik hona izan den iraultza. Ez dut uste aldaketa teknologiko eta soziologiko bat gehiago denik, baizik eta zibilizazioa aldatu duen fenomeno teknozientifiko bat.
1990eko hamarkadan, tesia irakurri nuen garai hartan, gogoan dut zer irudikapen genituen obuluen dohaintzari edo amastasun subrogatuari buruz, etorkizunera begira. Eta teknologiaren iraultza horrek, biomedikuntzarekin batera, gaur egun eman duen emaitza ez da inondik inora orduan irudikatzen genuena. Gainditu ditu, erruz, gure aurreikuspenak, eta sortu ditu aukera, galdera eta kezka handiak. Batez ere, kezka eragin dit aplikazioak, mozkin ekonomikoa lortzera bideratu baita.
Lehen baikorra nintzen teknologia hauekiko; gaur egun, aitortzen dut kritikoa naizela. Lagundutako ugalketa industria pribatu bat bihurtu da: dirua duenak du ugaltzeko modu batzuetarako sarrera, eta jende gehienak ez dauka. Diskriminazioa eragin du, eta giza gorputzaren merkantilizazioa. Niretzat hori kezkagarria da. Bere garaian oinarri batzuk jarri ziren, giza ugalketarako ez ezik, baita organoen dohaintzarako ere, adibidez; eta horiek denak gainditu egin ditugu, eta orain bada industria bat giza gorputzaren esplotazio-modu berriez bizi dena. Gainera, indartu egin ditu lehen zaurgarriak ziren pertsonen arriskuak: emakume gazteak, txiroak… Haien gorputzak lehengai bihurtu ditugu Europan eta Europatik kanpoko herri pobretuetan.
Giza gorputzaren gaineko desregulazioarekin kapitala egiten ari dena ez da mugatzen ugalketara. Hor dago saio klinikoekin gertatzen ari dena, zaintzaren arloan… Horren aurrean, planteamendu berri bat egin beharko genukeela iruditzen zait.
Orain dela 75 urte giza eskubideak aldarrikatu zirenean, giza gorputzaz zegoen ideiak eta gaur egun dagoenak ez dute zerikusirik. Gauden unean, giza gorputzaren, eta hor adimena ere sartzen dut, estatus berri bat behar dugu. Gogoeta egin behar dugu une hauetan, non teknologiaren aplikazioan urrats bat gehiago emanez gero, gizakiaren izaera beraren aldaketa funtsezko bat emango genukeen.
Bestela, gogoeta honi ez badiogu serio ekiten, arriskua dago atzera itzultzeko aukerarik gabeko aro batera igarotzeko. Aukera batzuei uko egitea planteatu behar dugu. Hau ez da inoiz horrela izan historian: egin genezakeen guztia egin dugu. Nire esperientziatik ere horrela izan da: giza ugalketan egin zitekeen guztia errealitate bihurtu dugu. Hortaz, iraultzailea izango litzateke kontserbadorea izatea.
Elhuyarrek garatutako teknologia