Arturo Muga Villate Biokimikako doktorea

“Iraultza teknologikoa badugu. Orain, iraultza zientifikoa behar dugu”

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatearen 50. urteurrena ospatzen harrapatu dugu Arturo Muga Villate, Garapen Zientifikoaren eta Transferentziaren arloko errektoreordea (Bilbo, 1961). “Harro” dagoela aitortu du, eta horretarako arrazoiak ere eman ditu: fakultateko graduek unibertsitate osoko gutxieneko nota altuenak dituzte; 50 urtean 18.000 ikasle lizentziatu eta 2.000 doktoratu dira; eta egiten den ikerketa bikaina da, nazioartean ere hala onartzen dute. Hala ere, galderei erantzuteko, fakultateari baino gehiago begiratu dio bere barruari.

arturo-muga-villate-iraultza-teknologikoa-badugu-o
 
Zerk harritu, asaldatu edo txunditu zaitu gehien, lanean hasi zinenetik?

Giza genomaren sekuentziazioak, baina beste espezieenak ere, horrek oso eboluzio interesgarria ekarri baitu maila molekularrean. Giza genomarenak ate asko irekitzen ditu; adibidez, diagnostikoak maila molekularrean egitea, edo proteina jakinei lotutako mutazioak ezagutzea. Azken finean, medikuntza pertsonalizatuaren norabidean aurrera egitea ahalbidetuko digu.

Horrekin lotuta daude edizio genetikoko tekniken aurrerapenak. Ziurtasun osoz seguruak direla bermatzea falta da, baina ez dut zalantzarik hori etorriko dela. Alegia, gai izango garela genomaren akatsak zuzentzeko, bestelako aldaketarik sortu gabe.

Hori bai, kontuan izan behar da gaixotasun ugarik ez dutela eragile bakar bat izaten; hau da, itu bat baino gehiago izaten dituzte. Baina, konplexua den arren, patologiak ondo ulertzeko eta tratamendu egokiak garatzeko tresna molekularrak izaten hasiak gara.

Zer iraultzaren edo aurkikuntzaren lekuko izan nahiko zenuke zure ibilbidean?

Niretzat, informazio guztia integratzea izango litzateke lorpenik handiena. Une hauetan, informazio izugarria ematen diguten teknika berriekiko lilura bizi dugu: biologia molekularra, material berriak… Informazio hori guztia integratzea falta da, ordea. Diziplinarteko lana izango da, eta horrek berriak ekarriko ditu.

Nolabait, iraultza teknologikoa dugu, zientifikoa baino gehiago. Eta iraultza zientifikoa izateko, diziplina guztietako adituek elkartu behar dute, presarik gabe, ez ezer egiteko, baizik eta pentsatzeko. Egia da emaitzak nahi izaten ditugula, baina hori gainditu behar dugu, beste maila batera iristeko. Adibidez, produktu farmazeutiko berri eta ahaltsuak eskuragarriak izan daitezen jende guztiarentzat. Gauza bera materialak, energia, elikagai-ekoizpena… iraunkorrak izan daitezen. Integrazioak ekarriko du hori, eta dagoeneko badaude adibideak, Brain proiektua, esaterako.


Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.